Irribarriak mendean hartu du Altuna III.a
Aramarrak 22-18 irabazi dio amezketarrari, eta buruz buruko txapelketaren finalerdietarako sailkatu da. 2016an txapeldun izan zeneko "sentsazioak errekuperatu" dituela nabarmendu du Irribarriak.
Partida ikusgarria jokatu dute bart Donostiako Atanon Iker Irribarriak eta Jokin Altunak, eta azkenean aramarrarentzat izan da garaipena (22-18). Horrenbestez, buruz buruko txapelketaren finalerdietarako sailkatu da Irribarria, eta astelehenean jakingo du noren aurka neurtuko dituen indarrak. Danel Elezkano eta Peio Etxeberria ariko dira nor baino nor partida horretan Tolosako Beotibarren.
Partidaren hasieran “tentsioa” sumatu duela, baina gero “gozatu” egin duela adierazi du irabazleak. “2016ko sentsazioak errekuperatu ditut, buruz gogor egon naizela uste dut, askatu egin naizela, eta gustura nago”. Altuna III.a da egungo buruz buruko txapelduna da, eta hura kanporatzea lorpen handia izan da Aramakoarentzat. 2016an izan zen Irribarria buruz buruko txapela janzten pilotaririk gazteena –Urrutikoetxea 13an utzi zuen–, eta 2017an Bengoetxea VI.aren aurka galdu zuen finala 18an. 2018koa ez zen denboraldi ona izan aramarrarentzat.
Lan erdietan berdinduta
Buruz burukoa sakearekin asmatzeak berealdiko garrantzia du, eta hori gertatu da bart Donostian jokatutako partidan. Altuna III.a izan zen aldea hartzen lehena (5-1), baina gero zortzi tanto errenkadan egin ditu Irribarriak (5-9). Aramakoak gogor astindu du pilota atzera, eta aurrean bukatzeko aukera izan duenean ere hala egin du, baina Amezketakoak defentsa ona erakutsi du, eta tantoa bukatzeko aparteko abilezia. Lan erdietara 11na iritsi dira, eta derrigorrezko lehen etenaldi luzera Altuna aurretik (12-11).
Amezketarrak 16-12 aurreratzea lortu du, baina hor etorri Irribarriaren erreakzioa, berriz ere zortzi tanto errenkadan eginez (16-20). Serio aritu da kantxan aramarra, pilota bortitz atzera joaz eta aurkaria asko behartuz, eta kanporaketa gainditzea lortu du. Orain 15 egunez atseden hartzeko aukera izango du, maiatzaren 19an jokatuko baitu finalerdia Eibarko Astelenan Elezkano II.a edo Peio Etxeberriaren aurka.
Partidaren datuak
Jokoaren iraupena: 11 minutu eta 50 segundo
Partidaren iraupena: 61 minutu eta 48 segundo
234 pilotakada
Irribarria: sakez 2, irabaziak 18, galduak 4
Altuna III.a: sakez 5, irabaziak 9, galduak 2