Joxe Ugarteburu aizkolaria omendu dute Ezkion
Maiatzeko San Migel barruan egin diote gorazarre Ugartebururi. Lehengo eta oraingo aizkolarien saioa, harrijasotze erakustaldia eta opari banatzea egin dute. "Hitz gutxikoa naiz ni. Eskerrik asko denoi". Omenduaren hitz horiekin amaitu da ekitaldia.
Ezkioko elizaren atarian prestatutako aterpean omenaldia egin diote gaur eguerdian Joxe Ugarteburu aizkolariari. Aizkolariek aizkorak jasota egin dioten pasabidetik iritsi da plazara Ezkioko aizkolaria etxekoak ondo zituela. Bi dantzarik ohorezko aurreskua dantzatu diote, eta Mikel Mendizabalek bertso bat eskaini dio.
Segidan omenaldira bildu diren aizkolariak banan-banan aurkeztu ditu esatariak, eta Ugartebururi eskatu dio modu laburrean haien izaeraren berri emateko. Tarte hori igarota, herri kirol erakustaldia hasi da. Arria II.a, Mikel Mindegia eta Ugarteburu bera izan dira aizkoran hasten lehenak; Angel Arrospide, Javier Aranberri Elorriaga eta Ugaitz Mugertzaren txanda izan da gero.
Saio nagusian Atutxa-Azurmendi eta Vicente-Larrañaga aritu dira nor baino nor. Bigarrenek egin dute aurretik, 9 segundoren aldearengatik. Tartean Jon Goenatxok harri jasotzen hiru saio egin ditu, eta Joxe Mari Esnaola zegamarra zutika aritu da aizkoran bost metroko garaieran.
Oparien txanda eta eskertza
Joxe Ugartebururen kirol ibilbideari errepaso zabala egin eta gero, oparien txanda iritsi da. Asko eta asko izan dira: Udalak plaka bat eman dio opari; kuadroan sartutako txapel bat ere jaso du; herri eskola haurrek bertso bat abestu diote; Maria Angeles Goitia plazara lehenengoz atera zen aizkolari emakumezkoak ere oroigarria eman dio; Goenatxotarren opari gero, eta segidan Mikel Etxeberria ikaslearena; Koldo Aldalur kirol kazetariak ETBn bildutako irudiekin osatutako USB bat eman diot opari; etxekoek ere bai –aizkora buru bat Pagoaga baserriaren irudiarekin–; Errezilgo senideek; Joxe Mari Esnaolaren bi semeek; eta azkenik Zumarragako ATA harategikoek. “Hitz gutxikoa naiz ni. Eskerrik asko denoi”. Omenduaren hitz horiekin amaitu da ekitaldia.