Beasaingo EAJk 68 proiektu jaso ditu hauteskunde programan
Aitor Aldasoro alkategaiaren esanetan, “pertsonak eta beren ongizatea erdigunean kokatzen dituen programa osatu dugu, proiektu berriekin beasaindarren momentuko zein etorkizuneko beharrei eta eskariei erantzuten jarraitzeko”.
Beasaingo EAJk datozen lau urteetarako osatu duen programa bost ardatz nagusitan banatu du: Tokiko jarduera ekonomikoa eta enplegua; pertsonen ongizatea; herri nortasuna; herri atsegina, inguru zaindua eta jasangarritasuna; eta gobernu ona. Aitor Aldasoro alkategaiaren esanetan, herritarren zein Beasaingo taldeen partaidetza eta ekarpenekin osatutako eta talde lanean garatutako programa da: “Pertsonak eta beren ongizatea erdigunean kokatzen dituen programa osatu dugu, proiektu berriekin herritarren beharrei eta eskariei erantzuten jarraitzeko eta etorkizuneko erronkei aurre hartu eta aurre egiten jarraitzeko ere”.
Era horretan, “Etorkizuneko Beasain eraikitzen jarraitzeko, legealdi honetan ezarritako lehentasun edota ardatz nagusiak mantendu dituzte jeltzaleek, baina alkategaiak azaldu duen moduan, bakoitzeko lan ildo eta proposamen berriak eta zehatzak landu” dituztela nabarmendu du. Izan ere, “EAJn argi dugu etorkizunean zer nolako Beasain eskaini nahi diegun herritarrei eta bide hori beasaindarrekin elkarlanean egiteko borondate osoa dugu. Beasainek etorkizunari heldu behar dio, aurrera begiratu behar du, eta ez atzera, gure herriak ezin du berriz ere proiekturik gabe geldirik gelditu, proposamen berriak behar ditu eta guk herri proiektu sendoa garatu dugu ekindako bideari jarraipena emateko eta talde sendoa dugu horretarako eta lanean jarraitzeko gogoz eta ilusioz gaude”.
- Tokiko jarduera ekonomikoa eta enplegua.
“Enpleguak pertsona duintzen duela eta merkataritzak eta ostalaritzak gure kaleak bizirik mantentzen dituela kontutan izanik”, zubi berria eraikiko dute Gipuzkoa plaza eta Arana kalearen artean aparkalekua erdi erdigunera gerturatu eta merkataritza sustatzeko. Bestalde, “ideia eta proiektu berriak garatu nahi dituzten pertsonei laguntza eskainiko zaie; langabezian dauden pertsonentzako formazio ikastaroak antolatuko dira lan aukerak areagotzeko; zoru industriala aztertuko da enpresa berriak gurera erakarri eta kalitatezko enplegua sortzeko; lehen sektorea indartzen eta tokiko produktuen azoka sustatzen jarraituko da programa berriak eta martxan jarritakoak indartuz, besteak beste”.
- Pertsonen ongizatea
“Gizarte politika eraginkorrak sustatzea eta bereziki adineko pertsonen ongizatea bermatzea lehentasunezkoak” izango dira jeltzaleentzat. Horregatik, gizarte zerbitzu eta laguntzak osatu eta areagotuko dituzte behar berriei erantzuteko. “San Martin Baselizan gizarte zerbitzu berriak ezartzeko lan egingo da Aldundiarekin batera, eguneko zentroko ordutegia zabalduko da, adineko pertsonak beren etxeetan duintasunez bizitzen jarraitzeko eta bakardade egoerei aurre egiteko programa berriak jarriko dira martxan eta berdintasuna eta bizikidetza sustatzen jarraitzeko martxan jarritako ekimenei (Herrilab) jarraipena eman eta berriak abiaraziko dira”.
- Herri nortasuna
Herritarrei, kulturari, euskarari eta kirolari lotuta aukera berriak eskaintzea da EAJren beste helburuetako bat “Beasain herri bizia izan dadin”. Horretarako, Bonberia eraikina dantzaren kokaleku bihurtuko dute. Elkarteekin elkarlana areagotuko da “beren jarduera babesten jarraitzeko”. Kultur eskaintza zabalduko dute Igartza Musika Programaren barruan. Euskararen erabilera indartzeko martxan jarritako ekimenak (Hizkuntza Errefortzu Zerbitzua, Euskara kirolean….) mantendu eta berriak abiaraziko dira. Herri nortasuna indartzeko “herri marka” eta herri erdigunearen eta landa auzoen arteko elkar ezagutza sustatzeko Beasaingo Ibilbideak sortuko dira. Bestalde, kirol jarduera ezberdinak eta berriak bultzatuko dituzte, hala nola, txirrindularitza, Euskadi Fundazioarekin elkarlanean eta kirol aukera berriak eskainiko dira kiroldegian inbertsioak eginez eta gune berriak sortuz: pump track, paddle, tenis, squash…
- Herri atsegina, inguru zaindua eta jasangarritasuna
Proiektu esanguratsuenen artean ondorengoak nabarmendu ditu EAJk: Dolarea parkearen berritzea, Igartza Oletako noranzko bikoitza, Erauskingo plazaren proiektuari lotuta Gernika pasealekuan sortuko diren aparkalekuak eta Oriamendi kalearen txukunketa; San Inazio kalearen eraberritzea, biribilgune berriaren eraikuntza herri sarreran, Ezkiaga auzoaren berurbanizazioa eta burdinbide gunea eskuratzeko urratsak egiten jarraitzea.
Bestalde, irisgarritasuna hobetzen jarraitzeko igogailu berriak ezartzeko aukera aztertuko dute, adibidez, Oriamendi eta Nafarroa etorbidearen artean. “Landa auzoei eta mantenu lanei ere erreparatuko zaie orain arte bezala; Agortan txabola eraikiko da bizilagunen erabilerarako eta Garinen urak biltzeko proiektua gauzatuko da”.
- Gobernu ona
Azkenik, beren jarduna “kudeaketa eraginkorrean, gertutasunean, gardentasunean eta partaidetzan oinarritzeko konpromisoa berretsi dute” jeltzaleek. Honela, “parte-hartze erreala sustatzeko hau arautu eta sistematizatzea, Haurren Hiria proiektua abiaraztea, zerbitzu telematikoak areagotzea eta iGunea arratsaldez zabaltzeko aukera aztertzea” dira programak biltzen dituenak. Azkenik, “kalitatezko zerbitzu erosoak eskaintzen jarraitzeko eta berriak abiarazteko” asmoa ere azaldu dute: NAN, IAT, Udaltzaingoa urteko 365 egunetan…