Udal batzorde kudeatzaile berria aukeratu dute Itsasoko bizilagunek
Itsasoko herritarren %76k botoa eman zuten atzo udalerria kudeatuko duen herri batzordea aukeratzeko. Hautatuak izan diren bizilagunen izenik ez dute aurreratu.
Itsasoko herritarren %76k botoa eman zuten atzo udalerria kudeatuko duen herri batzordea aukeratzeko. Aldez aurretik boto-paperak etxeetara bidaliak zituzten eta bakoitzean gehienez bost izen idazteko aukera zegoen bost lagunek osatuko baitute batzordea. Hautatutako bizilagunen izenik ez du aurreratu Gorka Sasieta alkateak, baina esan duenez,”orain artean udal taldean gaudenoi babesa eman digute”.
Parte hartzea handia izan delako gustura agertu da alkatea, 16 urtetik gorakoen erroldan 142 lagun daude eta horietatik 108k eman dute botoa (%76). Hauteskunde ofizialetan 18 urtetik gorakoek botoa emateko eskubidea dute eta Itsason, berriz, 16 urtetik gorakoen irizpidea erabili dute,”beste kontsulta batzuetan hala egiten da eta guk irizpide hori jarraitu dugu”.
Bozketa prestatu aurretik, herri batzarrean hartutako erabakiarekin Gipuzkoako Foru Aldundiarekin zein Ezkioko Udaleko ordezkariekin bildu direla erantsi du Sasietak,”Ezkioko ordezkariekin ez da inolako talkarik egon”.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa dute 2016ko Foru Dekretua indarrean dagoenetik; dekretuak udalerri gisa onartzen du Itsaso. Aitzitik, Espainiako Epaitegi Gorenaren ebazpenaren zain daude hauteskunde errolda eta bake epailea eduki ahal izateko,”epaia, baina, urte eta erdira arte-edo ez da aterako”.
Bien bitartean, udalerriaren kudeaketan lanean jarraitzeko egin zuten atzoko bozketa. Maiatzaren 26an, horrenbestez, Itsason ez da udal hauteskunderik egongo eta bertako bizilagunak Gipuzkoako Foru Aldundirako zein Europako Legebiltzarrerako botoa ematera Ezkiora joan beharko dira.