Itsasoko bizilagunek hautatu dute udal batzordea
Parte hartzea %76koa izan da, 108 boto 16 urtetik gorako 146tik. Batzordekideen izenak jakinarazi ez arren, bizilagunek egungo taldea berretsi dutela adierazi dute
Itsasoko herritarren %76k botoa eman zuten herenegun, udalerria kudeatuko duen herri batzordea aukeratzeko egindako bozketan. Bozketa 10:30ean hasi zen eta 13:30ean amaitu. Bi hautesleku ireki zituzten, bata udaletxean eta bestea Alegiko elkartean. Aldez aurretik boto-paperak etxeetara bidaliak zituzten, eta bakoitzean gehienez bost izen idazteko aukera zegoen bost lagunek osatuko baitute batzordea. Hautatutako bizilagunen izenik ez du aurreratu Gorka Sasieta alkateak, baina esan duenez, «orain artean udal taldean gaudenoi babesa eman digute».
Parte hartzea handia izan delako gustura agertu da alkatea, 16 urtetik gorakoen erroldan 142 lagun daude eta horietatik 108k eman dute botoa (%76). Hauteskunde ofizialetan 18 urtetik gorakoek botoa emateko eskubidea dute eta Itsason, berriz, 16 urtetik gorakoen irizpidea erabili dute, «beste kontsulta batzuetan hala egiten da eta guk irizpide hori jarraitu dugu».
Bozketa hala egingo zutela erabaki zuten herri batzarrean, eta emaitzak Gipuzkoako Foru Aldundiak onartuko zituela. Orain onespen hori falta da.
Herri batzarrean hartutako erabakiaren ondoren Gipuzkoako Foru Aldundiarekin zein Ezkioko Udaleko ordezkariekin bildu direla adierazi du Sasietak, «Ezkioko ordezkariekin ez da inolako talkarik egon».
Madrilgo epaia
Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa dute 2016ko Foru Dekretua indarrean dagoenetik; dekretuak udalerri gisa onartzen du Itsaso. Aitzitik, Espainiako Epaitegi Gorenaren ebazpenaren zain daude hauteskunde errolda eta bake epailea eduki ahal izateko, «epaia, baina, urte eta erdira arte-edo ez da aterako».
Bien bitartean, udalerriaren kudeaketan lanean jarraitzeko egin zuten igandeko bozketa, «gure martxan jarraituko dugu», zioen atzo Gorka Sasietak. Maiatzaren 26an, horrenbestez, Itsason ez da udal hauteskunderik egongo eta bertako bizilagunak Foru Aldundirako zein Europako Legebiltzarrerako botoa ematera Ezkiora joan beharko dira.













