Lazkaomendin, auzoa baino goragoko festak
Goian dagoela Lazkaomendi, baina giroz eta partaidetzaz altuago utzi dute asteburuan, auzoko jaiekin. Ekitaldi sorta oparoa, partaidetza joria eta bisitari ugari izan dira asteburuan, giro bikainak inguratuta.
Auzotarren bilgune izateaz gain, bailaretatik igotako bisitarientzat ere erakarmena baduela erakutsi dute lazkaomenditarrek. Larunbatean, IV. mus txapelketan 51 bikotek parte hartu zuten, Goierrikoak gehienak, baina aparteagokoak ere bai, sari mardulek erakarrita. Gorka Aranburu amezketarra eta Xabier Baltanas anoetarra izan dira garaile (1.000 euro eta txapelak), eta Xabi Garmendia eta Maite Beroiz senar-emazte lazkaotarrak bigarren (500). Unai Olasagasti eta Oihan Aldanondo herkideek egin dute hirugarren. Kontsolazio ligan, Xabier Goikoetxea eta Urko Otamendi (Amezketa-Abaltzisketa) lehenengo, Julen Galparsoro eta Mikel Sainz lazkaotarrak ondoren.
Txirrindulari juniorren lasterketa, Enekoitz Azparrenek (Ampo) irabazi du, 1:57:07 orduan osatuta 80 kilometroak. Haritz Chico (Bellota) 30 segundora eta Iker Uria (Sanz) 44ra izan ditu podiumean lagun.
Igandean, Lazkaotik 131 ume igo ziren Lazkaomendira, ikastolaren mendi martxan. Jolas ikusgarriekin gozatu zuten eguartea, bertsolari, trikitilari eta herrikirolariekin batera.