Berrikuntzekin dator aurten Erdi Aroko azoka Ordiziara larunbatean eta igandean
Bi egunetarako egitarau bete-betea antolatu dute. Salmenta postuak, kale ikuskizunak eta tailerrak izango dira, besteak beste. Ordizian elkarteko 15 establezimenduk ere parte hartuko dute
Erdi Aroko azoka egingo dute Ordizian asteburuan, eta berrikuntzekin datorrela aurreratu zuten atzo prentsaurrean Jose Migel Santamaria alkateak, Arantxa Fernandez azoka berezietako zinegotziak, Ordizian merkatari elkarteko ordezkariek eta antolaketaz arduratuko den Professional History elkarteko Michel Redradok.
Larunbatean eta igandean, Erdi Arora itzuliko da Ordizia eta azoka berezia egingo dute kaleetan. Produktu desberdinen salmenta, tailerrak, artisauak, erakustaldiak, musika, ikuskizunak eta beste hainbat ekarriko ditu. Berrikuntzak izango dira gainera, Ordiziako talde eta merkatarien parte hartzea izango baita. Hala, herriko 15 merkatarik euren produktuak kalera aterako dituzte. Arku tiraketa taldeak ere erakustaldia egingo du larunbatean. Horiez gain, Beti Argi musika bandak, Laguntasuna errondailak eta Amets Bide dantza taldeak ere parte hartuko dute.
Azoka bat baino gehiago
Professional History taldearen xehetasunak eman zituen Redradok: «Disziplina historiko ugari eta desberdinetan aditua den kualifikazio handiko artista gazte talde batek, eta bizitza osoko esperientzia duten artisau tradizional desberdinek osatzen dute elkartea». Euren burua «komiko modernotzat» dute eta helburua «jolas nahia, ikerkuntza historikoa eta lan ona batzea dira, bezero eta bisitariei esperientzia ahaztezina eskaintzeko». Salmenta postuak 60 bat izango dira. Kaleak girotzen, aldiz, 23 bat artista egongo direla argitu zuten.
Egitarau betea
Larunbatean 11:00etan irekiko ditu ateak Erdi Aroko azokak eta iluntzera arte egongo da zabalik. Igandean ere berdin egingo dute. Erosketak egiteaz gain, aisialdi eskaintza polita eskainiko die herritarrei eta bisitariei asteburu osoan zehar.