Bideak emandakoa mahaira
Bide Berdearen Eguna egingo dute igandean Mutiloatik Ormaiztegira. Zumalakarregi Museoak antolatzen du. Mutiloan egingo dituzte sukaldaritza tailerra eta dastaketa
Hamar urte betetzen dira aurten Mutiloa eta Ormaiztegi lotzen dituen Bide Berdea ireki zutenetik. Iganderako bertatik ibilaldia prestatzeaz gain, ondotik pasata, jatekoak diren loreak nahiz landareak zeintzuk diren adieraziko die parte hartzaileei Clara Gutierrez biologoak eta etnobotanikak. Gero, Mutiloako elkartean tailerra egingo dute eta prestatutakoak dastatuko dituzte.
Aurten bigarren urtea da Gutierrez gonbidatzen dutela. Iaz harrera ona izan zuen ibilbideak eta, jendea kanpoan geratu zenez, errepikatu nahi izan dute izena eman eta egin ezin izan zuen jendeari parte hartzeko aukera emateko.
Ibilaldia egin nahi dutenek izena aldez aurretik eman behar dute tokiak mugatuak baitira. Izena emateko Zumalakarregi Museora deitu behar da, Ormaiztegin 943 88 99 00 edo bertara idatzi, mzumalakarregi@gipuzkoa.eus. Jarduera doanekoa da. Guztira 25 lagunek parte hartu ahalko dute.
Asunak eta esentziak
Irteera 09:30ean egingo dute Liernitik. Handik, Barnaolatik pasatuta Troi Bidera egingo dute Mutiloara iristeko. Mutiloatik Liernira buelta egingo dute. Distantzia osoa bost kilometrokoa da. 15:30ean itzuliko dira Ormaiztegira.
Abiapuntura itzuli aurretik, alabaina, bidean jasotakoa bilduko dute Mutiloan eta sukaldean prestatuko dute. Dastaketa egingo dute ondoren. Clara Gutierrezek landareak eta loreak sukaldean prestatzeko teknikak erakutsiko dizkie jardueran parte hartzen dutenei.
Bidean jasoko dituzten loreak eta landareak saskietan gordeko dituzte ondoren sukaldean erabiltzeko. Iaz, esate baterako, asunak bildu zituzten eta ondoren, Gutierrezen aholkuei jarraituz, tenpuran prestatu zituzten Mutiloako elkartean. Bideko landareekin iaz egindako beste zerbait ur esentziadunak izan ziren, hau da, hainbat landarerekin ura egosi zuten eta ur haiek esentziaz beteta geratu ziren gero sukaldean bestelako erabilpenak eman ahal izateko.