Goierriko autobus linea ez du Goierrialdea Autobusak enpresak ustiatuko
«Diputazioak linea horien adjudikazioa Bizkaiko enpresa bati ematea» erabaki duela salatu du. Eskola eta langile garraioarekin, kirol taldeekin eta bestelako zerbitzuekin jarraituko du orain
Goierrialdea Autobusak enpresak sare sozial bidez jakinarazi duenez, «50 urte baino gehiago Goierriko autobus lineetan lan egin eta gero, Diputazioak linea horien adjudikazioa Bizkaiko enpresa bati» ematea erabaki du. Enpresa goierritarraren arabera, «Bilman Bus enpresak judizialki lortu du bestela lortu ezin zuena. Errekurtsoen bidez, epaileen epai harrigarriekin, eta Diputazioko Mugikortsun sailaren erabakiekin lortu dute betiko ogibide izan denetik kanporatzea».
Gipuzkoako Foru Aldundiak Goierriko autobus lineen lehiaketa publikoa deitu zuen; 2015eko otsailean eman zuten ebazpena, eta Goierrialdea enpresak irabazi zuen, eta kontratua adjudikatu zitzaion. Bigarren tokian gelditu zen Bilman Bus enpresak errekurtsoa jarri zuen Foru Aldundiko Kontratazio Auzitegian. Lau urtez egon da auzia epaitegietan eta azkenean, Bilmanen aldeko epaia eman du.
Goierrialdea 1997tik
Goierrialdea enpresa 1997an sortu zen, Goierriko bailaran zeuden autobus enpresa guz-tiak Etxabe, Sarasola eta Gaiara batu zirenean. Goierrialdearen esanetan, «betiko izaera izan denarekin jarraitzeko» asmoa agertu dute: «Goierritarren autobus zerbitzua izatea. Lurraldebus lineen ustiaketa kendu arren, eskola garraio, langile garraio, kirol talde eta bestelako zerbitzuekin jarraituko dugu. Txikiak izan arren, eta gure izena zikintzen saiatu diren arren, lanean jarraituko dugu beti bezala. Bertakoak garelako, eta kanpokoek bidaliko ez gaituztelako».
Goierrialdekoek nabarmendu dutenez, batetik, «aldundiak bertakoa babestu ez izanaren» sentipena dute eta bestetik, epai horren ondorioz, beste arazo bat sortzeko arriskua ikusten dute: «Bilman Bus Goierriko linea ustiatzen hasten denean, Goierrin pabilioiren batean jarriko da eta txarrena da, etorkizunean, beste arloan muturra sartzen ere hasiko direla».
30 langile inguru ditu Goierrialdeak eta «horrelako ustiaketa aldaketetan, beste enpresa behartuta dago langileak aurreko enpresan zituzten eskubide eta hitzarmen berdinekin» hartzera. «Pentsatzen dugu gehiengoa joan egingo dela; guk ez daukagu denontzako tokirik». Langileentzako egoera ezegonkorra bada ere, ez dute esperantzarik galdu nagi. «Esperantza pixkat badugu oraindik ea Diputazioak ausardia azaltzen duen eta adjudikazioa anulatu eta berriz lehiaketa ateratzen duen». Goierrialdeako langileen ustez, «jendeak sare sozialetan eta kalean erakutsi digun laguntasunak» eraginik izan dezake erabaki horretan.