'Amiantoak hil egiten du' lemapean manifestazioa deitu dute biharko Beasainen
CAFeko Enpresa Batzordeak antolatuta, lantegiko sarrera nagusitik abiatuko da 10:00etan eta bertan bukatuko da, manifestua irakurrita. Bi orduko lanuztea egingo dute langileek
Beasaingo CAFeko Enpresa Batzordeak deituta, bihar, 10:00etatik 12:00etara, CAFeko langileek bi orduko lanuztea egingo dute eta tarte horretan enpresako sarrera nagusitik (Amiantoaren eskulturan) abiatuta, manifestazioa egingo dute Beasaingo kaleetan, Amiantoak hil egiten du! lelopean. Hasitako leku berean amaituko da manifestazioa eta CAFeko Enpresa Batzordeak jakinarazi duenez, «trengintza sektorean lan egiten dugun hainbat enpresatako batzordeok adostutako manifestu bat» irakurriko dute amaieran.
Enpresa Batzordearen esanetan, trengintzako sektorean ere amiantoak «ondorio larriak» ekarri ditu langileen osasunean, mineral horrekin lan egin izanaren ondorioz «biktima kopurua geroz eta altuagoa da». Gainera, «trengintza sektorearekin lotutako enpresa askotan jasaten ari gara guzti honen eragina, haietako asko gainera, heriotzaraino». Era horretan, «guzti honek agerian uzten du administrazio publikoek eta sektoreko enpresek beren gain hartu beharreko arazo larria dela».
CAFeko langile guztiei lanuztea burutu eta manifestazioan parte hartzeko deia egitearekin batera, «deialdi berezia» luzatu die CAFeko Enpresa Batzordeak, amiantoak eragindako langileei, baita euren senide eta lankide ohiei ere. Era berean, erakunde publikoak, alderdi politikoak, sindikatuak eta amiantoaren biktimen elkarteak ere gonbidatu dituzte.