Amiantoaren aurkako dekalogoa aldarrikatu dute Beasainen
CAFeko Enpresa Batzordeak deituta, 'Amiantoak hil egiten du' lelopean, manifestazioa egin dute gaur Beasaingo kaleetan. Dekalogoa bete dezatela eskatu die arduradun politikoei, administrazioei eta enpresei.
CAFeko Enpresa Batzordeak deituta, bi orduko lanuztea eta manifestazioa egin dute gaur goizean Beasaingo CAFen. Amiantoak hil egiten du pankartaren atzean, amiantoarekin lan egitearen ondorioz orain arte CAFen hil diren 37 langileen familiartekoak joan dira, bi lerrotan, eta hildakoaren izena zeraman karteltxoarekin. Bigarren pankartan, Asviamie elkartekoak joan dira, eta atzetik, hainbat erakunde, sindikatu eta alderdi politikoetako (EH Bildu eta Elkarrekin Podemos) kideak eta CAFek ehunka langileak. Honela, gaurko mobilizazioarekin “errealitate makabro honen aurrean gure haserrea adierazi eta dagoen isiltasuna puskatu” nahi izan dute.
Beasaingo kaleak zeharkatu ondoren, Amiantoaren eskulturaren aurrean adierazpena irakurri dute CAFeko Enpresa Batzordeko kideek, Irun, Zaragoza eta Madrilgo CAFeko enpresa batzordeen, eta Euskotreneko, eta Bartzelonako, Bilboko eta Madrileko Metroko enpresa batzordeen izenean.
Adierazpenaren arabera, amiantoaren ondorioek zuzenean mineral horrekin lan egiten duten langileengan dute eragina, baina baita zuzenean lan egin ez dutenengan ere, airean dagoena arnastuz, edo baita etxeko laneatan oinarrituak edo egoera txarrean daukagun materiaren desgastea tarteko”. Honela, “zoritxarrez”, amiantoaren eragina jasandako pertsonen eta “biktima potentzial izan daitezkeenen benetako errolda eta larritasuna” ez direla ezagutzen nabarmendu dute. Hala ere, datu bat aurreratu dute: “2020a funtsezkoa eta bereziki gogorra izango da garatutako herrialde guztietan. Izan ere, asbestosia espozioa gertatu eta 20 edo 30 urteetara agertzen da”.
Tren sektorean, amiantoak “ondorio larriak” ekarri dituela gogoratu dute: “Tren garraioko sektorearekin lotutako enpresa askotan jasatzen ari garen eraginak, haietako asko heriotzeraino, agerian uzten du administrazio publikoek eta sektoreko enpresek aurre egin beharreko arazo larria dela”.
Era horretan, gaur, Beasainen, “bere alderdi kaltegarriak ezagutzen zituzten eta bere aurrean babesgabe utzi zituzten mineral kantzerigeno horren biktimentzako aitorpena eskatu ahal izateko borrokarako gune gehiago ireki” direla aurreratu dute: “Gaur, trengintza sektoreko langileok kalera atera gara nahikoa dela esatera; nahikoa da erantzukizunak ez onartzeaz, eta lankideak hiltzen ari zaizkigun honetan, beste alde begiratzeaz, gaia isilarazteaz eta ezkutatzeaz”.
Dekalogoa
Honela, trengintza sektoreko hainbat enpresa batzordek amiantoaren aurkako dekalogoa alkdarrikatu dute, eta “bete dezatela eskatu nahi diegu arduradun politikoei, administrazioei eta enpresei”.
Konpentsaio funtsa lehenbailehen aktiba dezatela dio dekalogoaren lehenengo puntuak. Horrekin batera, “beren lanpostuan, etxean edo giroan zuzenean edo zeharka amiantoarekin kontaktuan egon zitezkeen pertsona guztien zerrendak” egin ditzatela eskatu dute. Bestalde, epaiketara joan beharrik izan gabe, amiantoarekin lotutako gaixotasunak aitor ditzatela.
Ikerketari dagokionean, “ikerketa bidea modu aktiboan finantzatu eta abiaraz” dezatela ere eskatu dute, eta “eraginpean egon zitezkeen pertsonen erretiroko koefiziente murriztaileak eta gaixo dauden pertsonen laneko erretiroak aplika ditzatela”.
Azkenik, amiantoaren tratamendua osasun publikoko arazo gisa hartzea, amiantotik eratorritako gaixotasunen eta amiantoarekin lan egiten duten enpresen erregistroa, amiantoa modu kontrolatuan kentzeko prozesua bideratzea, amiantotik eratorritako patologiak detektatzeko programa osasun zerbitzu publikoetan jartzea, eta enpresek eta osasun zerbitzu publikoek osasunaren zaintza plan espezifikoak eta asbestoaren eraginpean egon ziren langileen jarraipen sakona egin ditzatela aldarrikatzen du dekalogoak.
Azkenik, “tren sektoreaz eta gure nazioez harago joanda, amesgaizto hau jasaten ari diren biktimeen elkarteekin, beste enrpesa batzuetako langileekin eta enprsa batzorde desberdinekin lanean jarraitzeko konpromisio” azaldu nahi izan dute. Izan ere, “beharrzkoa da indarrak batzea antzeko egoerak berriro errepika ez daitezen eta, behingoz urteetarako eskaerak egi bihurtu daitezen, aitortza, erreparazioa eta prebentzioa”.
Lore eskaintza
Ekitaldiarekin amaitzeko, hildakoen familiartekoek krabelin txuri bana utzi dute Amiantoaren eskulturan.