Ezkioko frontoiaren estalkia berrituko dute udal aurrekontuekin
Aurrekontu osoa 979.259 eurokoa da. Inbertsio handiena eskola zaharraren inguruan, frontoia barne, egingo dute. Mediku etxe ohian erabilpen anitzeko gunea egingo dute
Ezkioko 2019ko udal aurrekontuek hainbat proiektu esanguratsu jaso dituzte. Aurrekontu osoa 979.259 eurokoa da eta inbertsio handienak goiko eskola zaharrean, haren inguruko parkean eta frontoiaren estalkian egingo dituzte (198.283 euro).
Eskolan balioanitzeko espazio bat sortu nahi dute, inguruko parkea berritu nahi dute eta frontoia haizetik babestuko dute. Goiko auzoan, bide batez, ibilgailuek abiadura moteldu dezaten zebra-bideak pintatuko dituzte eta loreontziak jarriko dituzte; Gabiriako sistema antzekoa erabiliko dute autoek ostatu parean abiadura moteldu dezaten.
Mediku etxe zaharrean gizarte zentro bat egiteko asmoa daukate, eta aurtengo aurrekontuetan lanen lehenengo fasea egiteko asmoa daukate. Josi Etxezarreta alkateak adierazi duenez, «Santa Lutzi auzoan lehenengo aldiz herrigunea sortu dela esan dezakegu. Eskola txikiaren bueltan mugimendua sortu da». Hala, mediku etxe zaharrean jendea biltzeko espazio bat sortu nahi dute, «kirol zein gizarte elkarteak biltzeko tokia izan dadin nahi dugu, baita adinekoak elkartzeko ere».
Proiektu horretan 84.468 euro inbertituko dituzte eta eskola txikiko parkea estaliko dutela gehitu du Etxezarretak. «Euria. bada behar baino gutxiago erabiltzen den espazioa da, eta parkea uda bukaera aldera estalita egotea espero dugu». Eskola ondoan egonda ere, ezkiotar guztientzat izango dela gehitu du alkateak.
Ostatuaren irisgarritasuna hobetzeko proiektua egiteko diru laguntza baten zain daude, Errekabarrena eta Miranda lotuko dituen bidegorri zatia egingo dute eta, bide batez, ur sarea berriztatuko dute.
Ezkiok gaur-gaurkoz 470 bizilagun ditu eta hazten ari den udalerria dela esan du alkateak.