Ordizian egingo dute Goierriko Irakurle Taldeen topaketa maiatzaren 25ean
Patxi Zubizarreta omenduko dute topaketan. Bileran Legazpiko, Zumarraga-Urretxuko, Itsasoko, Gabirako, Segurako, Idiazabalgo, Beasaingo eta Ataungo taldeek parte hartuko dute
Goierriko Irakurle Taldeen hirugarren Topaketa Ordizian egingo dute datorren maiatzaren 25ean. Lehenengoa Beasainen egin zuten 2017an; Beasainek lekukoa Zumarraga-Urretxuri pasa zion, eta Zumarraga-Urretxuk Ordiziari.
Urtero, topaketa egunean, ekimena antolatzen duen irakurle taldeak idazle bat omendu ohi du. Beasainen Joan Mari Irigoien omendu zuten, iaz, berriz Arantxa Urretabizkaia eta Ordiziako Irakurle Taldeak Patxi Zubizarreta idazle ordiziarra omentzea erabaki du, «herrian bertako altxorrak balioan jartzea garrantzitsua» dela nabarmendu baitute.
Goierriko Irakurle Talde guztiei luzatzen zaie gonbita topaketan parte hartzeko, baina parte hartu nahi duen ororentzat irekia da topaketa, nahiz eta irakurle talde bateko kide ez izan.
Hilaren 25ean, larunbatarekin, izango da hitzordua, nahiz eta oraindik tokia zehaztuta ez dagoen. Eguraldi ona egiten badu Zuhaiztin egingo dute. Egun horretan eguraldi kaxkarra egiten badu Barrena kultur etxea izango da topalekua.
Bi atal
Ordiziako Irakurle Taldeak antolatuko aurtengo topaketa. Bilerak bi atal izango ditu eta arratsaldean egingo dute. 17:00etan elkartuko dira eskualdeko irakurle talde desberdinak, eta 18:00ak arte tertulia saioa egingo dute Patxi Zubizarretaren Jeans-ak hozkailuan liburuaren inguruan.
Tertulian, irakurle taldeetako kideak multzo txikitan nahastuko dira, ekimenaren helburuetako bat «talde ezberdinetako kideak eta euren dinamikak ezagutzea baita». Zubizarreta ere berak idatzitako liburuaren inguruko tertulian izango da, irakurleekin bertatik bertarako solasa partekatzeko
Liburua ardatz hartuta solasaldia egin eta gero, 18:00etan, omenaldia egingo diote Zubizarretari. Herritar guztiei irekitako saioa izango da. Musika, dantza eta bertsoak izango dira besteak beste, guztia ibilbide oparoa izaten ari den idazleari eskainia.
Topaketan Legazpiko, Zumarraga-Urretxuko, Itsasoko, Gabirakoi, Segurako, Idiazabalgo, Beasaingo eta Ataungo irakurle taldeetako kideek parte hartuko dute.