Markel Olanoren esanetan, "Gipuzkoak iraganaren eta etorkizunaren artean erabaki beharko du"
Goierriko hautagaiekin ekitaldia egin du Beasainen EAJk, Markel Olano diputagaiarekin eta Gipuzkoa Buru Batzarreko Joseba Egibarrekin batera.
Goierriko EAJren alkategai guztiak banan-banan deitu eta plazako kioskoaren aurrean, udaletxera begira, ekitaldia politikoa egin du EAJk Beasainen. Aitor Aldasoro Beasaingo alkategaia izan da hitza hartzen lehena, eta beti aurrera begiratzea atsegin badu ere, kasu honetan atzera begiratzea ere komenigarria dela esan du, egindako lana baloratzeko. “Ikusi besterik ez dago, duela lau urte nola jaso genituen hainbat mankomunitate, eta guk nola utzi ditugun”. Sasieta Mankomunitatearen adibidea jarri du, “zorpetzea gainditu eta berriro irabazi-egoeran” jarri dutela azpimarratuz.
Era horretan, EAJren “puntu indartsuak” gogora ekarri ditu, “kudeaketa eraginkorra eta arduratsua, konpromisoa eta lana dira gure ardatzak”. Beraz, IAT-earen adibidea jarrita, “Goierrin prest jarraitu behar dugu enpresa eta zerbitzu berriak erakartzeko. Sortzen diren beharrizanei aurrea hartu eta garbi eduki zein den iparra, eskualdera zerbitzu eta balio erantsia ekartzeko”.
Horregatik guztiagatik, “eta gaur inoiz baino hobeto, konparaketa egiteko aukera daukagulako, herritarrek hautua egin beharko dute. Ardura aukeraketa izango da”.
Markel Olano
Gipuzkoako diputatu nagusirako EAJren hautagaiak, Markel Olano beasaindarrak, hartu du ondoren hitza, eta “gipuzkoar gizartearen ongizatea bermatzeko bidea lurraldeko industria eta ekonomia sendotzen jarraitzeko” konpromisoa berretsi du. “Lau urteotan industria berraktibatu egin da eta ekonomia eta enpleguak trakzionatzeko gaitasuna erakutsi du, baina aurrera egiten jarraitu behar dugu, Gipuzkoak etorkizunean ere industria indartsu bat eduki dezan, ekonomia eta enplegua bultzatuko duena. Lan horri eutsi behar diogu”.
Era horretan, maiatzaren 26ko hauteskundeetan “Gipuzkoak etorkizuna edo iraganaren artean aukeratu beharko du; lanpostu gehiago eta hobeak sortzeko bide-orri argi baten ala helburu hori lortzeko proposamen gabeziaren artean; herritarrekin elkarlanean aritu ala bizkarra ematea”. Jeltzalearen esanetan, EAJk “kudeaketa eraginkorra, determinazioa eta lankidetza” eskaintzen ditu: “Alderdi bakarra gara ekonomia eta industria indartzen segitzea xede duen estrategia argi batekin, eta horrela bakarrik lortuko dugu lanpostu gehiago eta hobeak lortzea”.
Gizarte eta ekonomia alorretan, Gipuzkoa orain dela lau urte baino indartsuagoa dela nabarmendu du, alderdi jeltzaleak gaur egun “gobernatzen dituen Goierriko herri handienetan nabarmena den moduan. Horren lekuko da, langabeziak behera egin duela %8ra arte eta, modu berean, desberdinkeriak ere atzera egin du. Horren protagonista nagusiak, enpresa-ehunak eta gizarte alorreko entitateak egiten ari diren lana eta apustuak dira”.
Bide horretan “geldiunerik gabe” jarraitu nahi du EAJk, eta Gipuzkoaren “etorkizuna irabazteko” lan egitera dei egin du: “Guztiok kalitatezko lana eta bizitza eramateko lurraldea nahi dugu, modernoa, berritzailea, zeinetan industriak matenduko duen bere izaera ezinbestekoa”.
Egindakoa eta egitekoa
Lau urteotan Gipuzkoan egindako “ekarpena baliotsua” izan dela gogoratu du Olanok, hainbat adibide jarrita: “Foru Aldundiaren Ekonomia Suspertzeko Planak urtero 3.000 enpresa ingururi lagundu die, lehiakorragoak eta berritzaileagoak izan daitezen. Aldi berean, Elkar Ekin programak lurralde osoko estrategia bat artikulatu du, pobrezia edo bazterkeria egoeran dauden kolektiboei lanpostu duin bat bilatzen laguntzeko, nahiz prekarietate egoeran dauden langileen egoerari erantzun eta kalitatezko enplegua sustatzeko. Baita ere Deskargako autobidea aipatu du, zeinak izugarrizko bultzada logistikoa eskaini dion Deba, Goierri eta Urola Garaiko industria-ehunari. Horretarako guztirako eragile sozio-ekonomikoekin, enpresekin eta herritarrekin lankidetzan jardun dugu”.
Maiatzaren 26tik aurrera ere, “enpresen jarduna sustatzen jarraitzea” proposatzen du EAJk, “maila guztietan gertatzen ari den eraldatze sakonari egokitzen jarraitu dezaten eta modu horretan beren sustraitzea eta lehiakortasuna indartsuagoa izan dadin”. Horretarako, “fiskalitatea, azpiegiturak, eta berrikuntza, nazioartekotzea eta talentuari bultzada ematea” proposatu du.
Gainera, “espezializazio adimentsuaren” bidean hasitako ahalegina mantentzearen alde egin du Olanok, “legealdi honetan Etorkizuna Eraikiz egitasmoaren bitartez egin bezala. Erreferentzia zentroak martxan jarri ditugu zibersegurtasunean, elektromugikortasunean, 4.0 gastronomian, aldaketa klimatikoan, zahartze osasuntsuan eta ikus-entzunezkoetan. Sektore horiek indartzen jarraitu behar dugu, guztietan talentua eta ezagutza nahikoa pilatzen baitugu enpresa berrien sorrera bultzatzeko eta, gisa horretan, lanpostu gehiago sorrarazteko. Berrikuntzarako dugun potentzial guztia probestea da helburua, modu kolaboratiboan ahaleginak lerrokatzea eta, horrela, etorkizuneko industria berriak gorpuztea”.
Joseba Egibar
GBBko presidentea, Joseba Egibar, izan da hitza hartzen azkena. “Herri honetako lidergoa” EAJk, daukala azpimarratu du, “eta ez da ezkutatzen. Motor nagusia gu garelako, etorkizuna bermatu eta aldaketak gauzatzeko indarra eta akordio gaitasuna daukagulako”. Beste aldean, berriz, “alternatibarik gabeko” ezker abertzalea kokatu du, eta Egibarren ustez, “ezker abertzaleak beldur dio EAJ-rekin gai sozialetan akordioak lortzeari, bere “bigarren porrot estrategiko eta politikoa aitortzea esan nahiko lukeelako horrek. Beraientzat lehen porrota izan zen estrategia politiko-militarrari uko egin beharra, bide politiko eta demokratikoen alde. Bigarrena litzateke onartzea gure eredu soziala; beste batzuekin batera, jakina, baina bereziki EAJk gauzatutakoa onartzea eta aitortzea, alegia”.