Ane Etxezarreta Realeko jokalariari harrera egin diote Murumendi eskolan
Espainiako Erreginaren Kopa irabazi du Realarekin Granadan, Atletico Madril 1-2 mendean hartuta. Etxezarreta Murumendiko ikasle ohia da, eta gaur egun begirale lanak ere egiten ditu bertan. Eskertuta azaldu da egin dioten harrerarengatik, eta haurrei "ametsengatik borroka egiteko" deia egin die.
Ane Etxezarreta Realeko beasaindar futbol jokalariari harrera beroa egin diote gaur eguerdian Beasaingo Murumendi eskolan. Etxezarreta ikastetxeko horretako ikasle ohia da, eta gaur egun, zentroak eskaintzen duen errefortzu programa batean parte hartzen du begirale modura. “Larunbatean bete zen txikitako nire ametsa”, esan du Etxezarretak larunbatean lortutako Espainiako Erreginaren Koparengatik –Atletico Madril 1-2 hartu zuen mendean Realak–, eta mezu argia eman die han bildutako ikasleei: “Amestu, sinistu eta borrokatu”.
Asteburuko ospakizunen ondoren, gaur goizean jakin du Ane Etxezarretak Rosa amaren ahotik Murumendi harrera egin ziotela. Eguerdia puntu-puntuan zela iritsi da Realeko jokalaria eskolara, eta han dozenaka ikasle eta irakasle zituen zain. Jendea agurtzearekin batera, lehen autografoak sinatzeko eskea egin diote haurrek, eta segidan omenaldi xume bat egin diote. Lore sorta bat jaso ondoren, Karmele Arraiza zuzendariak eskola kirolean ibiltzen zen garaiko argazki bat erakutsi dio, baita Murumendi eskolakoek eskola kirolean erabiltzen duten elastiko bat sinatuarazi ere. Garaiko tutoreekin argazki bat atera ondoren, bukatu da ekitaldia.
Txikitako eskolan egin dioten harrera “emozioz betetakoa” izan dela adierazi du Etxezarretak, “ezustean” harrapatu duela amaren deiak. Txikitatik “futbolaria eta futbolzalea” izan da beasaindarra, eta “eskola kiroletik oroitzapen oso polita” du. Larunbateko finalean eta ondorenean bizitakoa “inoiz” ez duela ahaztuko nabarmendu du: “Lanarekin eta esfortzuarekin emaitzak iritsi egin dira, eta haurrei ere hori esango nieke, ametsen bat badute horren alde borrokatzeko. Nik larunbatean bete nuen ametsa”.