«Kudeaketa serio eta zorrotz bat proposatu dugu»

Zuzenbidean lizentziaduna da Eva Alvarez. Duela lau urteko hauteskundeetan PSE-EEren hautagai zerrendan joan zen eta oraingoan bera izango da alderdi sozialistaren alkategaia. «Ilusio handiarekin» dago, batetik, «alderdi sozialistak emandako konfiantzagatik», eta bestetik, «konpromiso pertsonala eta politikoa hartu duten kideak» ondoan izango dituelako,. Beasaingo boto emaileek horrela nahiko badute «zinegotzi ardurak hartzeko prest» dagoela azaldu du.
Zein ekarpen egingo dio zure hautagaitzak Beasaini?
Gure herriak aurrera egin dezan, Beasaini konpromiso etiko eta politikoa eskaintzen dizkiot. Beasaingo hautagai sozialistako kideok gardentasun, aniztasun, elkarbizitza, berdintasun eta konpromiso sozial printzipioekin kudeatu nahi dugu, agenda soziala eta zerbitzu publikoen hobekuntza lehenetsiz.
Horregatik, kudeaketa serio eta zorrotz baterako programa proposatu dugu, gure herriaren garapen jasangarria bultzatzeko, garapen ekonomikoa eta soziala partekatuko dituen proiektua batean.
Zeintzuk dira lau urterako zure alderdiaren proiektu nagusiak?
Hauteskunde emaitzen ondorengo lehenengo erronka nagusia, kontsentsu handiko gobernu anitz eta egonkorra osatzea izango da, Beasaingo agenda soziala lehentasunezkoa izango duen gobernu programarekin. Horregatik aurkeztu dut programa anbiziotsua, langabezia Beasaingo herritar eta familia askoren arazo izan ez dadin. Batez ere, enfasi berezia jarriko dut kolektiborik ahulenetan, gazteetan, emakumezkoetan, iraupen luzeko langabetuetan eta 45 urtetik gorakoetan.
Politika sozialak ere lehentasunezkoak izango dira eta gure zerbitzu sozialek azkartasunez erantzun behar dute hirugarren adinekoei, gazteei eta nerabeei eta bazterketa sozial arriskuan dauden pertsonei zerbitzu integral bikaina emanez.
Beasaingo ekonomia sustatzeko neurriak bultzatuko ditut, behin betikoz krisitik ateratzeko.
Barrura begira, udal sailak berrantolatu nahi ditut. Gaur egun hiru udal sail daude udaleko kudeaketaren arlo guztiak hartzen dituztenak. Antolakuntzaren, Herritaren eta Lurralde batzordeak. Kudeaketa hobe baterako, sailak berrantolatuko ditugu lan ildo ezberdinetako ardurak mugatuz eta ekintza transbertsal batekin.
Aurreneko aldiz aurkeztuko zara alkatetzarako. Nola ikusten duzu zure burua?
Ilusio handiarekin nago, lehenik eta behin alderdi sozialistak nigan jarri duen konfiantzagatik. Konpromiso pertsonala eta politikoa hartu duten kideak ditut lagun, Beasaingo boto emaileek horrela nahi badute, gure herriko zinegotzi ardurak hartzeko. Erronka garrantzitsua da, ez hautagai zerrendaren buru bakarrik izatea, baita ondorengo udal taldearen buru izatea ere, proposamen progresistekin eta kudeaketa egokiarekin agintaldi honetako Beasaingo erronkei aurre egiteko.