Kirol egokitua izango dute gaur hizpide Zerainen
Udaberri Kulturaldiarekin amaitzeko, ostiralean, haurren marrazki rallya, Goierriko I. Patata Tortilla desafioa eta trikitilari kontzertua izango dituzte
Zeraingo Udaberri Kulturaldia azkenera iristen ari da. Gaur, 19:00etan, kultur etxean, Kirol egokituaren antolaketa Gipuzkoan gaia izango dute hizpide Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko Amaia Elizondok eta Alicia Figueroak. Hitzaldiarekin batera, kirol egokituaren inguruko erakusketa ere jarriko dute kultur etxean, ekainaren 3ra bitartean.
Ostiralean, berriz, ekitaldi hirukoitza izango da. Arratsaldean, 16:30etik aurrera, haurren marrazki rallya egingo dute. 19:00etan, berriz, X. Patata Tortilla lehiaketa jokatuko da pilotalekuan. Hamargarren urteurrenaren aitzakian, aurten, goierritarrei bota diete desafioa: nork patata tortilla goxoagoa egin. Zeraindarrekin batera, Goierriko hainbat herritako lehiakideak ere izango dira. Parte hartzeko, gutxienez 2 lagunek eta gehienez 4 lagunek osatu beharko dituzte taldeak. Ostatu tabernan, udaletxean edo zerain.herribizitza@gmail.com posta elekronikoan eman daiteke izena; gaur da azkeneko eguna.
Lehiaketaren ondoren, egindako patata tortillekin afari merienda egingo dute pilotalekuan bertan, herriko trikitixa ikasleen kontzertuarekin batera.













