Alkategai eta hautagaitza berak
Duela lau urte bezala, Zegama Lantzenen eta EH Bilduren arteko lehia estua izango da. Orduan bezala, Joseba Izagirre eta Imanol Garmendia dira alkategaiak
Duela lau urte bezala, Zegama Lantzenen eta EH Bilduren arteko lehia estua aurreikusten da Zegaman. Orain hurrena, Zegama Lantzenek 442 boto lortu zituen eta EH Bilduk 395. Bi hautagaitzek zerrendaburu bera izango dute: Joseba Izagirre (ZL)eta Imanol Garmendia (EH Bildu). PSE-EEk ere zerrenda aurkeztu du, Modesto Martinez izango da alkategaia, baina ez du inongo aukerarik. Duela lau urte lau boto bakarrik eskuratu zituzten.
Izagirrek (Zegama, 1974) Ampo enpresan lan egiten du. 2007-2011 eta 2011-2015 legealdietan zinegotzia izan zen eta azken legealdi honetan alkatea izan da. Bere burua indartsu ikusten du. «Beste lau urte alkate izateko moduan nago. Izan ere, duela lau urte baino trebatuago nago. Animatuta, ilusionatuta eta lanerako gogoarekin».
Programari dagokionez, Kortaberriko errotondatik Intsaustira doan errepide zatia konpondu nahi dute. «Gure esku dagoen guztia egingo dugu». Horretaz gain, Garmendiaren pabiloietan pabiloi berriak egin nahi dituzte eta parketxe ondoko belardian Donejakue Bideko erromesentzat aterpetxea. Aterpe horrek hamabost lagunentzako tokia izango luke.
Gainera, Zegama Lantzen plataformakoek baserri bideak konpondu nahi dituzte, Euskadi Lagunkoia egitasmoan parte hartu, Arau Subsidiario berriak egin, plan estrategiko berria diseinatu eta elkarteekin elkarlanean antolatzen diren festak mantendu. «Plan estrategikoa duela 20 urte egin zen azkenekoz eta berria behar dugu, Zegamaren etorkizuna zehazteko».
Imanol Garmendiak (Tolosa, 1978) ArcelorMittal enpresak Olaberrian duen fabrikan lan egiten du. Aita zegamarra du eta lanean hasi zenetik Zegaman bizi da. Azken lau urteetan zinegotzia izan da. Bigarrengoz izango da alkategai. «Taldean jende berria sartu da eta, esperientzia dudanez, alkategaia izango naiz berriz. Gogotsu nago».
EH Bilduren helburu nagusia udaletxeko ateak herriari zabaltzea da. «Jendeak lanerako gogoa du: hainbat auzotako festak berreskuratu dira, maratoiak 500 boluntario ditu… Udalak herritarrekin elkarlanean egin behar ditu gauzak».
Hirigintzari dagokionez, auzoetako irisgarritasuna hobetu nahi dute. «Txarapen, adibidez, ezin da gurpildun aulkiarekin mugitu».
Horretaz gain, espaloiak eta errekako barandilla konpondu nahi dituzte, udalak baserriko pisten konponketaren %100 ordaindu behar duela uste dute, bertako produktuen kontsumoa bultzatu nahi dute, ganaduzaleentzat negurako tokiak prestatu nahi dituzte, euskara ikasketak doan izatea nahi dute, kultur etxea berpiztu nahi dute eta etxebizitza hutsetan alokairu soziala bultzatzeko asmoa dute.