«Datorrena auzoen agintaldia izan dadin nahi dugu»
Oscar Valbuena da PSE-EEk sortutako Legazpiko Ezkerra proiektuaren burua, eta baita sozialisten alkategaia ere. Orain zortzi urtetik alderdi sozialistaren bozeramailea da Legazpiko udalbatzan. Antolakuntza Ingeniaria da eta industria ingeniaria teknikoa. Enpresa prozesuen ingeniari lanetan ari da duela 15 urte CIE Legazpin.
Valbuenak dioenez, «ilusioz betetako lantaldea gara eta eskarmentua dugu urteak baitira herritarren alde lanean ari garela». Gardentasunari azpimarra egin dio sozialistak, «udal gobernuan aritzeko aukera izanez gero, gardentasuna izango da gure ikurra, zehaztasunez eta zorroztasunez jokatuko dugu, berrikuntzari bereziki erreparatuko diogu eta legazpiarrekin lankidetzan arituko gara guztion helburuak lortzeko». Legazpiko Ezkerra proiektua herritarrekin batera sortu dutela dio Valbuenak eta hiru ardatz dituela: etorkizuneko ekonomia, bizitzeko Legazpi bat eta zerbitzu publikoak.
Aurreko guztia zein proiektutan islatzen den adierazteko, Valbuena euren programan jaso dituzten batzuk aletu ditu, baita hainbat zehaztapen egin ere. «Programa ekonomikoa aurkeztu duen lehenengo alderdia izan gara. Sidenor izandako lantegiko hainbat pabiloi berritzeko asmoa daukagu eta teknologia zentro bat sortzeko asmoa ere bai non bestelako jarduerak sortuko diren, baita kalitatezko enplegua ere». Enpresa txiki eta ertainei laguntza eskainiko dietela dio, «musika eskolaren egoitza ohia enpresa sorgune eta ikastegi bihurtuko dugu». Merkataritza ere aipatu du Valbuenak, «eskola materiala Legazpin erosteko eta hutsik dauden lokalak biziberritzeko laguntzak bultzatuko ditugu».
«Auzoen agintaldi» izan dadila nahi dute eta auzo bakoitzerako plangintza bat osatu dute, Itxaropeneko igogailua barne. Bellotako pentsioa izandako eraikinean zaindutako pisuak egokituko dituzte eta Hegialden gizarte zentro bat egiteko proiektua daukate, besteak beste.