«Gure proiektu guztien irizpidea etorkizuna da»
Lau urtez Legazpiko alkate izan da Koldobike Olabide. Kimika ikasketak ditu eta hark sortutako enpresan lan egin zuen politikara salto egin zuen arte. Hondakinen kudeaketaren auzian atez atekoaren kontrako plataformako kide izan zen.
EAJren izenean aurkeztuko da udal hauteskundeetara, baina izatez independentea da; «ni aurkeztu baino, EAJk nigan konfiantza berretsi eta bere izenean, bere udal egitasmoa hurrengo lau urtetan gidatzeko eskatu zidan». Agintaldiaren lehenengo lau urteak aldaketak martxan jartzeko eta hurrengo lauak «aldaketak finkatzeko» beharrezkoak direla dio. Alkatetzan egin dituen lau urteotako esperientzia dakar berekin. «Nire uste apalean lau urteotan Legazpik beharrezkoak zituen hainbat aldaketa gauzatu ditugu eta horietan sakontzeko ilusioz eta lanerako gogoz nago, baita egungo errealitate aldakorrak sortuko dituen erronkei aurre egiteko ere legazpiar guztiekin batera».
Olabidek bere hautagaitza osatzen duen lantaldeari keinu bat egin nahi izan dio eta Legazpirekiko «konpromiso sendoa» duen jendearekin batera aurkeztuko dela azaldu du: «Gizarte zerbitzuetan jakintza eta eskarmentu handiko pertsonekin bereziki indartu dugu gure hautagaitza». Izan ere, 2030erako legazpiarren %40 inguru, 65 urtetik gorakoak izango direla kalkulatzen du.
Hurrengo agintaldirako proiektu nagusien artean «adostasun politikoa» lortzea lehenetsiko dute. Halaber, «bizitzeko, lan egiteko eta gozatzeko Legazpi bat» nahi dutela dio. Proiektu batzuk aletu ditu Olabidek, «kanpoan utziko ditudanak gutxietsi gabe»: gizarte baliabide berriak diseinatu eta martxan jarri Bellotako pentsioa izandako eraikinean, Sidenorreko lursaila birmoldatu eta enpresen beharretara moldatu, Merkataritza Indartzeko Plana bultzatu, Ideien Laborategi bat sortu, baserritako jarduerak eta natur ondarea babestu.
Proiektu guztien irizpide nagusia «etorkizuna» dela dio Olabidek.