«Gurea ongizatea erdigunean jartzen duen programa da»
Edurne Gonzalez hizkuntza aholkularia da eta azken urteetan komunikazio arloan ere jardu izan da. Legazpin kirolari, euskalgintzari, hezkuntzari eta feminismoari lotutako herrigintza egitasmoetan parte hartu eta lagundu du. EH Bilduko alkategaia da.
EH Bilduren hautagaitzaren helburua Legazpi herri erakargarri, bizi eta etorkizunez betetakoa izatea dela dio Gonzalezek; «horretarako, pertsonak eta ongizatea erdigunean jartzen dituen programa landu dugu». Parte hartzea nola ulertzen duten zehaztu du Gonzalezek: «herritarrekin elkarlanean arituko gara, guretzat parte hartzea ez da lelo bat, ez eta une jakin bateko egiteko modu bat ere. Parte hartzea guztion artean hausnarketa bultzatu, iritzi trukea bideratu eta erabakiak hartzea da guretzat eta hala aritzeko asmoa dugu». Helburu horrekin harreman sare zabala osatu eta osatzen jarraituko dutela azaldu du, «herritarrengandik gertu egoteko, Legazpik behar duena lehenengo eskutik ezagutzeko eta beharrei zein arazoei justizia soziala aplikatuz erantzuteko».
Landu dituzten proiektuak asko diren arren, honakoak nabarmendu ditu Gonzalezek: Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzarmen bat sustatu Legazpin zentro sozio-sanitario bat egiteko –enplegua sortu eta ekonomia garatuko lukeena–, kudeaketa zuzena eta enplegu duina bultzatuko lukete udalak eskaintzen dituen zerbitzuetan, 2012an egindako irisgarritasun plana garatuko dute auzo bakoitzeko bizilagunekin elkarlanean eta mugimenduaren zein jarduera fisikoaren programa sustatuko dute.
Gonzalezek, EH Bilduko lantaldearekin batera, azken hilabeteetan gogor lan egin dutela dio, «ahaldunduta sentitzen naiz, erronkari aurre egiteko babesa daukat eta lantalde ezin hobea; diziplina anitzeko eta esperientzia handia duena kudeaketan, udalgintzan eta herrigintzan. Arduraz eta ilusioz gobernatuko duen lantaldea osatu dugu».