Legazpi: Ikuskizun dauden emaitzak
Azken agintaldian lau alderditako ordezkariek osatu dute udalbatza. EAJk gobernatu du, baina gutxiengoan. Aurreko bozetan 200 boto baino gutxiagoko aldea atera zion EH Bilduri.
Maiatzaren 26ko udal hauteskundeen emaitzak ikuskizun daude herri guztietan. Legazpin, alabaina, EAJ eta EH Bildu taldeen arteko aldea 200 boto baino gutxiagokoa izan zen, hondakinen kudeaketaren gaiak hauteskunde giroari itzala egin zionaren testuinguruan. Ikusteko dago, horrenbestez, EAJ udal gobernuan egonkortzen den bozen biharamunean edo EH Bilduren berritutako zerrendari babes handiagoa ematen dioten legazpiarrek.
PSE-EEk azken agintaldian bi zinegotzi izan ditu eta litekeena da kopuruari eustea; Legazpi Elkarrekin koalizioak lortuko duen babesa ere ikuskizun dago oraingoz.
Hona hemen alderdiek programetan jaso dituzten proiektu eta ideia nagusiak, atalez atal:
GIZARTE ONGIZATEA
Talde guztiek arreta berezia eman diote ongizatearen esparruari eta denek jarri dute arreta Bellotarena izandako pentsioan. EAJk eta EH Bilduk legazpiarren zahartze prozesuari erreparatu diote. Jeltzaleek pentsioan mendekoentzat apartamentuak eta indarkeriaren biktimentzako behin-behineko egonaldiak egiteko espazioak sortuko dituztela agindu dute programan.
EH Bilduk, zaintza lanak gizartearen ardatz bihurtu, eta Legazpin zentro sozio-sanitario bat egiteko apustua egin du. Bide batez, egun dauden gizarte zentroen azpiegituren diagnostikoa egingo dutela gehitu du.
Sozialistek pentsioaz gain Hegialden gizarte zentro bat eta Urtatzan jubilatu etxe txiki bat egiteko proposamena jaso dute.
Legazpi Elkarrekin koalizioak babestutako apartamentu kopurua handituko duela dio eta pentsioan kontziliazioari laguntzeko ikasgela publikoak egingo dituztela.
HIRIGINTZA
Legazpi auzoetan banatzen da eta alderdi guztiak haiei begira jarri dira. EAJk Hiri Antolamendurako Plan Orokorra eguneratuko du, eta mugikortasunaren arloan, Zaldutik herrigunera sarbide berri bat egingo du.
EH Bilduk 2014an hasitako Irisgarritasun Plana garatuko du eta 2 milioi euro inbertituko dituela erantsi du; hirigintza eta mugikortasun iraunkorra elkar hartuta landuko dituztela diote.
Sozialistek auzoetako esku-hartzeak jasoko dituen lau urteko plana egitea propsatu dute eta ibilgailu elektrikoen erabilera hauspotuko dute.
Legazpi Elkarrekin koalizioak jasangarritasuna lehenetsi, eta auzoetan zein Legazpiko periferian esku-hartze gehienak egingo dituzte.
EKONOMIA
Industriaren sektorearekin lotuta, Sidenor lantegi ohiaren lursailerako proiektuak aurkeztu dituzte alderdi denek.
EAJren programaren ardatz ekonomikoak dira industriaren berrindartzea eta komertzioa zaintzea. Sidenorreko lursail zaharra birmoldatu eta industria gune moderno bat prestatuko lukete. Merkataritzari bultzada emateko aurreko agintaldiko planari segida emango diote. Nekazaritzaren alorrean Legazpiko baserrietan ekoitzitako elikagaien kontsumoa bultzatuko dute, baita basoen kudeaketa jasangarria ere.
EH Bilduk enpleguari erreparatu dio batez ere, enplegu duina eta kalitatezkoa sustatuko dute, besteak beste, udalaren kudeaketa zuzenaren bidez. Industrian eraldaketa digitalari bultzada emango diote eta Sidenorreko lursailaren kudeaketa SPRIrekin koordinatuko dute. Nekazaritzan nekazari komunitatearen belaunaldi ordezkapena bideratzeko plangintza zehatza landuko dute.
PSE-EEk Sidenorreko eremuan jarduera ekonomikoari tokia egingo dio eta coworking gune bat sortuko luke musika eskola ohian.
Legazpi Elkarrekin taldeak tokiko ekonomia bultzatuko du eta etxebizitza alokairu merkeak bultzatuko ditu.
BERDINTASUNA
Jeltzaleek berdintasuna hiriaren birsorkuntzan txertatu dute. EH Bildurentzat feminismoaren ikuspegia herriko eta udaleko arlo guztietan zabaldu beharko litzakete eta Emakumearen Etxearen sukurtsala nahi dute Legazpin.
Sozialistek berdintasun espazio bat martxan jarriko dutela agindu dute eta Legazpi Elkarrekin-ek parekotasunaren alde egingo duela.