San Isidro, opari eta guzti
Azoka jendetsua eta goiz lanpetua landare saltzaileentzat; tomate ak protagonismo berezia izan du; ziza kopuruak nabarmen gora egin du.
Garai bateko garrantzirik ez badu ere, San Isidro nekazarien eguna ospatzen da oraindik zenbat herritan. Ferian ere pintxo bana eskaini zieten D’elikatuz zentrokoek saltzaile guztiei, eta tomate landare gutxi batzuk ere oparitu.
Ziza ugaritasunak arreta pizten zuen. 430 kilo salgai (18 eta 40 euro/k). Mikologia atala aberats agertu zen atzo, 100 bat kilo on-ddoz gain (10-22 euro/k), denboraldiko lehen zizahoriak 20 kilo (24 euro/k) eta gorringo kilo bat (35 euro/k).
Tomate landare aukera
Atzo landare eguna izan zela ez da dudarik, erosteko ilarak sortu ziren goizean goiz hasita. Atzo bereziki tomatean erreparatu genuen. Udaletxe aurrean Haziera ekimenekoak, Donostiako Cristina-Enean duten mintegitik ekarritako tomate landareak banatu zituzten, bi gehienez bakoitzari, aspaldiko tomate motak biziarazteko helburuarekin informazio orri eta guzti: Erandioko zapala, Loidi (Getariako Loidi baserritik berreskuratua), Igeldo (hango baserri batetik jasoa) borobil ez hain handia, eta Aretxabaleta (arrosa handia).
Asteroko postuetako arduradunek salgai dituzten landare motei buruz zer kontatu ugari dute. Jack da salduena, «hibridoa, orain 22 urte hasi zen, aurreko Karmelo edo Ramon izenekoei tokia hartuz». Patxi Montes-ek dioenez, «Oraintxe aukeran daude Montecarlo Euskal Herrian hasi zen lehen hibridoa duela 40 urte, Katon, Robin eta Aragoi, eta Nafarroko autoktonoak Barbastroko arrosa edota Tuterako itsusia». Pikoluze, udare eta gerezi tomatea, idi bihotza, Krimeako beltza, Aretxabaleta… salgai dira. «Ibarra, berriz etxean ateratzen dugun mota da, Lezo eta Igeldo aldetik datorrena, guretzat onena» aho batez adierazi dute Arantxa eta Patxi emazte-senarrak.
Ibarrako Esther Ilarramendik berezitasun hau du: zehar aldatutako tomatea: «Robin eta Jack haziak kajoi modukoetan zabaltzen ditugu. Landarea erne eta indartu orduko lerroan lurrean aldatzen dugu. Kozkortzen denean atera eta sortaka saltzeko prestatzen ditugu». Teoria guztien gainetik bezero bakoitzak izaten du bat edo beste gustukoen.