«Utopiei buruzko film bat da»
Jon Plazaola (Urretxu, 1981) aktore urretxuarrak 'La pequeña Suiza' pelikula aurkeztuko du bihar Zumarragan. Aitziber Garmendiarekin antzezlan bat prestatzen ari da.
Zer diozu ‘La pequeña Suiza’ pelikulaz?
Utopiei eta nortasunaren inguruan ditugun gorabeherei buruzko komedia koral bat da. Herri batean txorakeri bat proposatu eta horrekin jarraitzen dute. Trebiñukoaren antzeko arazoa duen herri bat da. Araban daude, baina Gaztelaren menpe. 700 urte daramatzate Euskadi izan nahian eta lortu behar dutela dirudienean, lehendakariaren ordezkariak Espainiako gobernuarekin akordio batera iritsi direla eta Gaztela izaten jarraitu behar dutela esaten die. Nire pertsonaiak egiten duen aurkikuntza bat medio, suitzar izatea eskatzen dute.
Non filmatu zenuten?
Artziniegan, Laudion eta Gasteizen filmatu genuen, besteak beste. Artziniega oso herri txiki eta polita da. Udaletxean Suitzako bandera dute oraindik eta bertako museo etnologikoan nire pertsonaiak aurkitutako sepulkroa ikusgai jarri dute. Filmazioa oso atsegina izan zen. Gainera, asko ikasi nuen. Izan ere, lehen mailako aktoreekin lan egiteko aukera izan nuen: Ramon Barea, Secun de la Rosa, Ingrid Garcia Jonsson eta Kandido Urangarekin, besteak beste.
Pelikulak arrakasta handia izan du.
Hiru asteburu pasa dira estreinatu zenetik eta ikusienen artean jarraitzen du. Bost lehenengoen artean egon da, Vengadores, Lo dejo cuando quiera eta Dumbo bezalako munstroekin. Meritua handia du, ez baitugu Antonio de la Torre edo Mario Casas bezalako aktorerik. Gainera, Kepa Sojoren bigarren lana da.
Larunbatean lan taldeko hainbat kide Zumarragara etorri behar zarete, Zelai Ariztiko arratsaldeko emanaldira. Herria erakutsi behar al diezu?
Noski. Zumarragako azokara joango gara eta ondoren trago pare bat joko dugu Urretxuko eta Zumarragako giroa ezagutu dezaten. Zubi-Ondo elkartean bazkalduko dugu, nire anaiaren elkartean. Anaia eta biok ez gara goi mailako sulkaldariak, baina moldatzen gara. Ondoren, Zelai Arizti aretoko 19:30eko emanaldira joango gara.
Nortzuk elkartuko zarete larunbatean?
Kepa Sojo zuzendaria, Sonia Pacios gidoilaria eta Lander Otaola eta Maribel Salas aktoreak etorriko dira. Hemen inguruko jendea etorriko da.
Zer gehiagotan zabiltza?
Aitziber Garmendia eta biok Loosers antzezlana prestatzen ari gara. Bi galtzaileri buruzko lana da. Telefono denda batean ezagutzen dute elkar. Bata saltzailea da eta bestea eroslea. Donostian estreinatuko dugu, Aste Nagusian. Abuztuaren 14tik 18ra egongo gara bertan. Horretaz gain, La Sexta telebista kateko Zapeando saioan kolaboratzailea naiz.
‘Alli abajo’ telesailak ez duela jarraipenik izango iragarri dute. Ospea eta lana eman dizkizun telesaila da. Nola hartu duzu albistea?
Alde batetik, pena sentitzen dut. Izan ere, proiektu polita da. Bost urte eman ditut Alli abajo telesailean lanean eta bost urte horietan gauza asko bizi izan ditut. Asko gozatu dut. Baina dena bukatzen da: pozik egon behar da eta halako telesail batean lan egiteko aukera eduki izana ospatu. Oroitzapenak betirako barruan izango ditugula jakin eta aurrera egin behar da. Andaluzian etxekotzat naukate ia eta hemendik aurrera bisitari moduan joango naiz.
Pregoiak irakurtzeko eta halakoetarako deitu al dizute?
Pregoiak irakurtzea ez zait tokatu, baina zine jaialdi askotara gonbidatu gaituzte.