Beasain "orekatuago, euskaldunago, jasangarriago eta feministago" bat lortzeko lan egingo du EH Bilduk
Ekitaldi politikoa egin du gaur Beasaingo EH Bilduk. Nerea Manzisidor alkategaiarekin batera, Juan Karlos Izagirre diputatugaia eta Pello Urizar parlamentaria izan dira hizlari. Goierriko alkategaiekin batera, arratsaldean Goierri Eskolan izan dira bisitan.
Nerea Manzisidor Beasaingo EH Bilduren alkategaiak, Juan Karlos Izagirre diputatugaiak eta Pello Urizar parlamentariak ekitaldia egin dute gaur iluntzean Beasaingo Gernika pasealekuko pilotaleku txikian. Goierriko beste hainbat herritako alkategaiak eta hautagaiak lagun izan dituzte beasaindarrek.
Manzisidorren esanetan, “EH Bilduren proiektua ez da talde batek udalean defendatuko duen proiektua bakarrik. Benetako berdintasun sozialean oinarritzen den gizarte justu batean amesten dugunon proiektu zabal da gure proiektua”.
Beasaindarrak jakinarazi duenez, “jendeak maiz galdetu dit aste hauetan nolatan animatu naizen EH Bilduko zerrendako buru izaten. Juankarrek dioen moduan, ze nezesidadegatik? Lanerako prestutasuna azaldu duen talde anitza ikusi dut proiektu sendo honetan lanean. Motibazioz, borondatez, ilusioz eta arduraz hartu dugu konpromiso hau. Hori izan da nire bermea”. Horrekin guztiarekin batera, “gainera, ziur naiz, benetako gizarte aldaketa emakumearen ahalduntzearekin etorriko dela eta nik nire ekarpena egingo dut, Beasainen, herrigintzan, feminismotik”.
Ekitaldira hurbildutakoen txalo zaparradarekin, Beasaingo EH Bilduren hautagaitza osatzen duten gainerako kideak oholtza gainera igo dira. “Lan talde hau izango da, zuek guztiokin batera, herri honetara aldaketa ekarriko duena. Sentsibilitate ezberdinak batu gaituzte eta hurrengo legealdiari begira, lan txukuna egiteko aukera zabala dugu”, gaineratu du Manzisidorrek.
285 neurri zehatz
Honela, hauteskunde programan, “Beasain orekatuago, euskaldunago, jasangarriago eta feministago bat lortzeko” 285 neurri zehatz jaso dituztela aurreratu du Manzisidorrek: “Hilabeteak daramatzagu eragile ezberdinekin herriaren azterketa egin, errealitateaz jabetu, eta beharrei erantzuna emateko neurriak proposatzen”.
Hauteskunde kanpaina honetan etxeetan jasotako “beste alderdietako programak ere, badirudi alderdi guztiok kanpaina honetan berdina aldarrikatzen ari garela, herritarra erdigunean jarriko dituen politikak bultzatuko ditugula. Baina zoritxarrez, ez da azken legealdian ikusi duguna. Ohituak gaude interes zehatz batzuetara bideratutako politikak sufritzen: herria zementuz betetzen duten proiektu urbanistikoetara, herritarren arteko ezberdintasunak areagotzen dituen politiketara, kirol tasak kasu…, gutxiren eskura dauden etxebizitzak eraikitzen jarraitzen dute, etxebizitza sozialen gaia alboratuz. Ez da hori nahi dugun Beasain”.
Datorren agintaldirako lehentasunak nabarmenduz amaitu du hitzaldia Manzisidorrek. Lehenengoa, “udal antolaketa eredua aldatzea izango da. Egun dagoen antolaketa ereduak, 3 komisio hilean eta 10 minutuko plenoek, ez dute herritarron eta oposizioaren lana ahalbideratzen. Gaiak alkatetzan sukaldatzen dira eta komisioetan zerbitzatzen dira, eztabaidarako aukerarik gabe. Alkatetzan ginenean, 110 batzorde informatzaile egiten ziren urtean, egun 33 batzorde dira urtean. Beraz, batzorde irekiak eta parte hartzaileak ezarriko ditugu, herritarrokin batera nahi dugun Beasain eraikitzeko”.
Horrekin batera, Ezkiaga eta Bista Alai auzoetako birgaitzea, Bernedo Eneko gune intermodala, irisgarritasun plana parte hartze prozesuaren bidez erabakitzea eta etxebizitza arazoari irtenbidea emateko proposamenak dira lehentasunez landu nahi dituzten gaiak.
Juan Karlos Izagirre
EH Bilduren Gipuzkoako diputatugaiak, Juan Karlos Izagirrek, “triste” hasi du gaurko hitzaldia, gaur Gipuzkoan, bi langile hil direlako. “Ezin dugu onartu jendea goizean lanera joan eta etxera ez itzultzea. Erakundeetatik lan baldintza duinen alde gogor lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen dugu”, esan du.
Horrezaz gain, “Beasain, Goierri, Gipuzkoa eta Euskal Herri koloretsu bat nahi duelako”, maiatzaren 26an EH Bilduri botoa emateko dei egin die entzuleei.Izagirrek gogorarazi du Gipuzkoan “EAJ-PSE akordioa ez dela Gipuzkoak behar duena. Akordio berriak behar ditugu, zabalagoak, herriaren borondatea eta aniztasuna kontutan izango dituenak, herri akordioak. Hau posible izateko, Gipuzkoan EH Bilduk lehen indarra izan behar du”.
Ekitaldiaren aurretik, Izagirre eta Goierriko alkategaiak Goierri eskolan izan dira. Izagirrek azaldu du EH Bildurentzat guztiz estrategikoak direla Goierri Eskola bezalako zentroak, “formazioa oinarri hartuta, eskualdean dauden beharrak eta eskakizunak lehen eskutik ezagutzen baitituzte, eskualdeari lehen mailako formazioa eskaini eta enpresa eta langileen beharrei erantzuten diete”.
“Baina uste dugu oraindik potentzialitate handia dutela”, gaineratu du, eta “gure konpromisoa da zentro hauek eta garapen agentziak, benetako eta sakoneko lurralde orekaren motor izan daitezen. Goierrin enpresa handi asko dago, eta hori zoriontzekoa da, baina elkarlana sortzea ezinbestekoa da aberastasuna behar bezala birbanatzeko. Zentzu horretan, enpresa handiek behar dituzten hornidurak enpresa txikiek egin ditzaten lortu behar dugu, eta horretan lan egingo dugu bertako udaletatik zein garapen agentziatik”.
Izagirrek esan du “eskualde barruko oreka ere lortu behar dugu, herri handi eta txikien artekoa, sektoreen artekoa, ingurumena zaintzen duena, eta eskualde barruko garraioaren aldeko apustua egiten duena. Eta horretarako EH Bildutik proposamen argi eta zehatzak ditugu: Eskualdeetako proiektu estrategikoetarako 40 milioiko funtsa osatuko dugu; enpresa txiki zein mikroenpresen garapen teknologikoa sustatzeko, 16 milioi eurotako laguntzak bideratuko ditugu; eta egungo aldundiak egin dituen garraio murrizketak bertan behera utzi eta neurri berriak hartuko ditugu: doako transbordoak, deskontu tarte berriak eta hilean 50 bidaiatik aurrera doan”.