Beasaingo EH Bilduk hauteskunde programa aurkeztu du
Herritarren parte hartzea bultzatzea izango da EH Bilduren ardatza. Bernedo Enean gune intermodala egin nahi du eta auzoak lotzeko autobus elektriko zerbitzua jarri.
Astearteroko azoka aprobetxatuz, Beasaingo EH Bilduk datozen lau urteetarako hauteskunde programa aurkeztu eta partekatu du herritarrekin. Nerea Manzisidor alkategaiare esanetan, “udaletxean egin nahiko genukeen lehenengo ekarpena udal antolakuntza aldatzea izango da. Egungo udal antolaketak hiru komisio daude, hilean behin egiten direnak eta plenoak oso laburrak dira. Iruditzen zaigu gai gehienak alkatetzan mamitzen direla, komisioetan aurkeztu eta ez dagoela benetako eztabaidarako gunerik. Egungo antolaketa honek ez du ahalbideratzen ez herritarren parte hartzea, ez eta oposizioaren lana”.
Izan ere, “interes orokorrekoak diren erabakiak ezin dira alderdi politikoen esku soilik geratu. Udalak herriaren esanetan egon behar du eta, ondorioz, herritarrei eragiten dieten erabaki garrantzitsuak hartzerako orduan, ez da nahikoa udalean gehiengoa izatea. Herritarren babesa ere behar da. Horretarako, parte hartzearen kultura sustatu nahi dugu. Badakigu jendeak parte hartu nahi izaten duela zuzenean eragiten dioten gaietan”.
Irisgarritasun arloan, herritarrekin batera, irisgarritasun plan bat gauzatzeko asmoa du EH Bilduk: “Ikusiko genuke herrian zein hutsune dauden irisgarritasunari begira, alternatiba errealak proposatu eta herritarrekin batera aukeratu zein izango den neurri zehatza irisgarritasun plan hori gauzatu ahal izateko”.
Ezkiaga eta Bista Alai auzoak birgaitzeko beharrari ere heldu nahi diote. “Uste dugu azken urteetan auzo horiei ez zaiela behar adina garrantzia, eta estolderia aldetik, argiteria aldetik, espaloi aldetik… konponketak behar dituzte”.
Gune intermodala
Bestalde, erdigunean oinezkoei lehentasuna emateko eta jasangarritasuna bermatzeko helburuarekin, Bernedo Eneko eremuan gune intermodala sortzea nahi du Beasaingo EH Bilduk. Autobus eta taxi zerbitzuarek bertan kokatzearekin batera, ibilgailuentzat hainbat solairutako aparkalekua edukiko duena. Manzisidorren esanetan, “hori dena tren geltokiarekin lotuko litzateke, etaOinezko pasabidea ere aurreikusten dugu, gune intermodala herrigunearekin lotzeko”.
Era berean, herri barruko mugikortasuna bermatzeko eta auzoak lotzeko “autobus linea elektriko bat proposatzen dugu. Herritarrekin definitu behariko litzateke, baina oinarrizko proposamena hori da. Auzoen berebiziko garrantzia ematen diegu. Beasain handia da, auzo txiki asko ditu, eta hor garrantzitsua iruditzen zaigu garraioa eta zerbitzuak bermatzea, ez daitezen sentitu bigarren mailako beasaindarrak”.
Jasangarritasunarekin lotuta, EH Bildurentzat “berebiziko garrantzia dauka guretzat bidegorri sare osoa bermatzea, segurua eta kalitatezkoa izango dena, txirrinduaren erabilera bultzatzeko eta oinezkoei lehentasuna emateko”.
Prekarietatearen aurka
Bestalde, prekarietatearen aurkako zerbitzu integral bat martxan jartzeko asmoa du EH Bilduk. Izan ere, “badakigu Beasainen badaudela zenbait familia edo norbanako egoera ezberdinak eta prekarietate modu desberdinak, pairatzen dituztenak eta horiei irtenbidea ematea derrigorrezkoa da. Ongizate Sailak baliabide asko ditu, baina areagotu nahiko genituzke”.
Kirola, euskara eta kultura
Kirolaren arloan, aniztasun funtzionalari eta kirol eremu berriei garrantzia ematen die EH Bilduk. Honela, “kiroldegiko udal tasen inguruan azterketa sakon bat egin beharko da, uste dugulako, ez duela bermatzen herritar denok berdintasunean espazio edo zerbitzu horiek erabiltzeko aukera. Uste dugu lehentasunezkoa dela tasa horiek aztertzea”.
Euskararen inguruan, ezagutza eta erabilera areagotzeko neurriak bultzatzearekin batera, Euskara Batzordea sortu nahi du koalizio abertzaleak, euskararen munduan lanean ari diren eragile desberdinekin.
Kultura arloan, kultur etxe bat egitea du erronka: “Uste dugu Beasainek merezi duela benetako kultur etxe bat. Bertan jasotzeko kultur aniztasun desberdinak, alternatiboak izan daitezkeen adierazpenei aukera emateko eta kultur eskaintza guztiak bilatzeko”.
Hondakinak
Azkenik, hondakinen birziklapena, “gutxienez, %85eko birziklapen tasara igotzea nahiko genuke. Horretarako Sasieta Mankomunitatearekin, garrantzitsua izango da sentsibilizazio kanpainak egitea eta detektatzea birziklapen hori zerk oztopatu dezakeen, eta neurriak proposatzea hori ekiditeko”.