Beharrak asebetetzea helburu
Orain arteko lanari berritasunekin jarraipena ematea ala bidegurutzea hartzea erabaki beharko dute herritarrek. Asier Garrok Iñaki Aizpururi utziko dio lekua EH Bildun
Zazpi dira Itsasondon jokoan dauden eserlekuak. EH Bilduk (5) eta EAJk (2) osatu dute azken legealdian udala. Orain arteko lanari berritasunekin jarraipena ematea edo bidegurutzea hartzea dira herritarrek udal hauteskundeetan izango dituzten aukerak. EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk aurkeztu dituzte hautagaitzak. Asier Garrori, Iñaki Aizpuruk hartuko dio erreleboa EH Bildun, Judith Otaegi izango da, berriz, EAJren aukera eta Maria Elvira Kortajerena izango da sozialisten alkategaia. 2015eko hauteskudeetako emaitzak ikusita, EH Bildu da faboritoa.
Herri parte hartzailea da Itsasondo eta ederki nabarmendu du hori EH Bilduren hautagaiak: «Itsasondon partaidetza ez da hitz hutsean geratzen, herriko erakundeen eta elkarteen lanari esker gauzatzen baitira hamar ekimenetatik bederatzi». Aurrrerantzean ere, «berdin jarraitzeko asmoa» dute, «udalak baliabide guztiak jarriko ditu lan horiek babesten, bultzatzen eta koordinatzen». Asmoa da «herrian funtzionatzen duten hiru herri lan taldek herri bizitza, lurralde antolaketa eta ongizatea udaleko lanen oinarria izatea, guztion artean herri dinamiko eta aurrerakoi bat eratzeko».
EAJren hautagaitzak «apaltasunetik, Itsasondoren ezaugarriak errespetatuz eta egungo gizarteak sortzen dituen beharretara egokituz» egingo du lan. «Bizitza kalitateari begira» egongo dira, «pertsonak eta bere beharrak helburu», talde lanean arituko dira, ez soilik herrian, baita inguruko herriekin ere.
Herritarren bizitza erdian
EH Bilduren proiektuaren jomuga «herritar bakoitzak bere bizitza proiektua gauzatzeko behar dituen gutxiengoak bermatzea» da. Herrigunean, Beko Kale denboraren poderioz degradatu den eremua da eta berritzea da helburua. Eskola berriak eraikitzeko proiektuarekin eta industrialdeei kokagune egokiagoa bilatzeko lanketarekin jarraituko dute, besteak beste.
EH Bilduren hautagaitza hau da: Nagore Etxeberria Pikabea, Gorka Martinez Urdangarin, Aiora Zurutuza Rodriguez, Maddi Alberdi Salegui, Maria Rosario Noguera Gorriti eta Iker Mendizabal Garro.
Irisgarritasuna aurretik
Bederatzi lan eremutan banatu du Itsasondoko EAJk programa. Garrantzitsuenak, herriko irisgarritasuna hobetzea, industria eta industrialdea bultzatzea, teknologia berriak zabaltzea eta baserri bideak, ur sarea eta saneamendua hobetzea dira.Turismoa, adin txikikoak eta gazteak eta nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza ere kontutan izan dituzte.
Ondorengo pertsonek jarraitzen diote Otegiri hautagaitza zerrendan: Imanol Lasa Zeberio, Juan Inazio Aranburu Iturrioz, Alaitz Arranz Rueda, Silbia Perez Yeboles, Antonio Jarit Cobos eta Xabier Insausti Sarasola