Bi emakume, bi ikuspuntu
Hiru dira legorretarrek Udal Hauteskundeetan izango dituzten aukerak, baina aurrekarien arabera EH Bilduren eta EAJren artean egongo da lehia
Udal hauteskundeetan bi emakumeren artean izango da lehia Legorretan. Zelai Amenabarro, azkeneko lau urteotako alkatea izan dena, EH Bilduren zerrenda burua da hurrengo udal hauteskundeetan ere. Lan talde «prestatua» bidu dutela nabarmendu du, «ilusioa eta lanerako gogoa duena, eta herrian oso integratua dagoena». Ondorengo pertsonek osatu dute hautagaitza zerrenda: Iñigo Lasa Ormaetxea, Olaia Eskitxabel Adurriaga, Maria Carmen Gaztañaga Urkola, Garikoitz Maiz Larrarte, Iñaki Agirre Jauregi, Estitxu Gaztañaga Petisco, Jose Manuel Larrea Lasa eta Ana Usabiaga Arizmendi.
Aitziber Meabe da EAJren alkategaia. Erronka berri honen aurrean «gogotsu» dagoela esan du. Harekin batera aurkeztuden taldea ondorengoek osatuko dute: Garbiñe Garmendia Etxeberria, Ainara Amenabarro Etxeberria, Miren Izaskun Zubeldia Otegi, Patricia Valles Quijada, Jose Mujika Garmendia, Ana Jose Ugartemendia Ugalde, Jose Maria Lasa Sarasola eta Anjel Jesus Martinez Gonzalez.
PSE-EEk ere hautagaitza aurkeztu du Legorretan. Maria Teresa Asuncion Cruzado da alkategaia. Aurreko urteetako joera ikusita ordea, udala osatzeko bederatzi eserlekuak EH Bilduren eta EAJren artean banatuko dituztela aurreikus daiteke.
Herriaren zimenduak jarri
Hurrengo lau urteetarako proiektu ugarirekin aurkeztu dira bi taldeak. EH Bilduk «etorkizuneko Legorretaren zimenduak jarri» nahi ditu. 2030. urtea jomuga hartuta, parte hartze prozesu zabal bat egingo dute agintaldi hasieran, herritarrekin batera etorkizuna irudikatzeko eta prestatzen hasteko. Amenabarrok «gogoeta beharrezkoa» dela uste du, «herria asko aldatzen» ari delako. Beraz, «herritar guztiak eta haien ongizatea ardatz» izango dituzte: gizarte zerbitzuak sendotu, parkea eraberritu;,helduek kirola egiteko baliabideak jarri eta Herri Antzokia sustatuko dituzte, besteak beste. Hori guztia, «ingurumenaren zaintza, emakumeen eta gizonen arteko parekidetasuna, euskaren normalizazioa eta bizikidetza ahaztu gabe».
Uholdetasuna lehenetsi
Meabe buru duen lan taldeak 10 neurritan laburbiltzen du hurrengo urteetarako egitaraua eta horien artean «uholdetasuna» da lehenetsi dutena: «Uholdetasunak herria zeharo paralizatu du eta blokeoa gainditzeko jardungo gara elkarlanean Eusko Jaurlaritzarekin». Horrez gain, gazteen emantzipazioa errazteko etxebizitza soziala susta- tu,enplegu aukerak sortu eta tren geltokia herrira gerturatzea dira aurrean jarri dituzten proposamenak. Azkenik, apaiz etxea, aparkalekua, kirol azpiegiturak, adinduak eta kultura ere kontutn hartzen dituzte lan lerro orokorra markatzen duten 10 neurri horien artean.