Lazkaon gehiengoak itunekin deman
Lazkaoko Udala gidatzeko hiru hautagaitza aurkeztu dituzte: gehiengo osoz gobernuan den EAJ, apirileko bozak irabazi zituen EH Bildu, eta zinegotzia berreskuratu nahi duen PSE-EE
Azken agintaldietako gehiengo absolutuen akabera ekar dezake Maiatzaren 26ak Lazkaora. Hiru hautagaitza aurkeztu dira udalerako, eta 13 eserlekuen banaketan oso litekeena da PSE-EE berriro sartzea: 8 botogatik ez zuen lortu 2015ean ordezkaria (176 boto denera); Espainiarako apirileko bozetan 422 lortu zituen, eta olatu hura aldeko izan dakioke orain. EAJk du gehiengo osoa orain, Bilduk izan zuen 2011-2015ean. Oso garesti, ia ezinezko izango dute antzekorik berriz. Itunak, beti beharrezko, ezinbesteko izan daitezke.
Garbi dagoena zera da: Lazkaok alkate berria izango du, lehen aldiz aurkeztu baitira Kepa Zubiarrain (EAJ), Joxemari Ormazabal (EH Bildu) eta Marisa Sanchez (PSE). EH Bilduk erabat berritu du taldea lehen zazpi postuetan. EAJrenean, oraingo lauk jarraituko dute.
PROGRAMAK
EAJk Eman bidea Lazkaori leloa hartu du M-26rako. 22 «konpromiso» edo arlokako asmo zehaztu ditu hurrengo agintaldirako. Jarraipena emateko izango dira asko. Taldea, berriz, «berritasuna, esperientzia, ilusioa eta lanerako gogoa» uztartzen dituena.
EH Bilduk taldeko hautagaiei eman die indarra programan, Zurekin Lazkao gara goiburuduna, bakoitzak diharduen esparrua eta egin dezakeen ekarpena nabarmenduta. Lau langai bereizi ditu, guztien artetik.Politikari ez-profesionalen figura defenditu du alkategaiak.
PSE-EEk, Nahi dugun Lazkao izenburuarekin, «konpromiso etiko eta politiko» gisa aurkeztu du bere programa. Gardentasun, pluraltasun, bizikidetza, partaidetza, berdintasun eta ardura soziala ditu kontzeptu behinen.
AZPIEGITURAK
Herriaren hazkuntza, eta barruko zerbitzuen antolamendua hiru programetan daude, pisu gehiagorekin edo gutxiagorekin. EAJk mantentze eta berritzeei eman die lehentasuna: Gurutzeko urbanizazioa gauzatu, lorategiak eta kaleak garbi eduki, Hiribarren kalean errotonda egin, Areso kalea berritu, eliza-San Prudentzio eskola artean zubia eraiki eta aparkalekuak egin.
EH Bilduk, etxebizitzetako irisgarritasuna hobetzeari eman dio garrantzia. Igogailuak jartzeko diru laguntzak sortuko dituzte, bizilagunen kooperatiba modura elkartuta egitea aipatuz.
PSE-EEk, lurralde oreka hobetzeko, herri arteko garraio publikoa baliabide gisa hartuko du, kohesio sozialerako eta lurraldea egituratzeko.
LANDA EREMUA
Lazkaomendiko azpiegiturak, komunikazioak eta zerbitzuak hobetzea aipatu dute EH Bilduk eta EAJk. Koalizioaren aburuz, landa eremua «herriaren balore garrantzitsua» da, eta eguneratu nahi dute. Lazkaomendin ur hornidura eta estolderia sareak eraberritu beharrekotzat jo ditu. EAJ eta EH Bildu bat datozen gai bat, Lazkaotik Lazkaomendira oinezko bidea irekitzea da.
EKONOMIA ETA LANA
EAJk Kanpandegiko industrialdea sortzeko pausoak emateko asmoa iragarri du, SPRI eta Goierri Beheko Industrialdea erakundeekin batera. Urbanizazio lanekin hasiko litzateke. Enplegua sustatzeko plangintza eta laguntza plana ere gauzatuko ditu. Lan mundura sartzeko arazoak dituztenei, «arreta eta laguntza berezia» emango lieke.
EH Bildu landa eremua «nortasun ikur nagusia» dela dio, eta nekazaritza, abeltzaintza eta bizitza jasangarrirantz bideratu du begirada. Baserritarren elkartea indartzea aurreikusi du. Merkatariek, berriz, bertan ekoitzitakoaren saltzaile izan behar dute.
PSE-EEk turismo jarduera jasangarria txertatuta bultzatu nahi du ekonomia. Industrialdea garatzea ere lehentasuntzat hartu du, Goierri mailan. Kalitatezko enplegua, lana aurkitzeko eskualdeko enplegu plana eta eraginkortasun energetikoa ere txertatu ditu programan.
Herriko merkataritza ehunari eta enpresaritzari ere denek egin diete keinu. EH Bilduk enpresa txiki eta ertainak babesteko joera hartu du, «handien zurrunbiloak irentsiak izateko arriskua» dutelako.
GIZARTE POLITIKAK
Feminismoa eta berdintasuna alderdi guztien ekinaren erdira atera da. «Balore heziketan eta kontzientziazioan sakondu» nahi du EAJk ildo horretan; «feminismoa ardatz» izan behar duela gizarteak defendatu du EH Bilduk; eta «oso garrantzitsua» berdintasuna dela iritzi dio PSEk, hezkuntzaren eta udal politikaren bidez lantzeko.
PSErentzat adinekoen arreta integrala, haurrak eta gazteak babestea eta gizarte bazterketa egoeran daudenei arreta hobetzea dira lehentasun. Familia ahulduentzat zerga-hobariak, immigranteak bizkorrago integratzeko programa eta «herriko errealitate berriei» erantzuteko diru saila zerrendatu ditu erremintatzat.
EAJk, zaharrei laguntzeko zerbitzuak eta gestioak errazteko laguntzak jarriko lituzke, baita migranteentzat harrera programa bat ere.
AISIA ETA KIROLA
EAJk kiroldegia eraberritzen segitzeko konpromisoa azaldu du, igerileku estali berria eraikita. Kirol ekipamenduen azterketa egin, haurren jolas parke bat estali, kirol aniztasunari Harizti Handiren ereduko kabida bat eman, Lazkaotik Goierri Eskolara oinezkoen bidea ireki, eta Agauntzan meandroan aisia eta atseden gunea sortu nahi ditu.
PSE-EEk, auzoetako jaiak indartu nahi lituzke, eta kultura asko ukitzen dituzten ekimenak bultzatu.
EUSKARA ETA KULTURA
Euskaldunek herriari «etorkizun bat zor» diotela dio EH Bilduk, munduko beste herrien eskubide berdinekin, eta horiek lortzeko lana agindu du. Euskararen alde «egotetik egitera» igaro beharra ere aldarrikatu du.
Hirigoiengo eskola txikia «erabilera soziokulturalera zuzendatutako eraikin berri eta arin» bihurtu nahi du EAJk. Musika eskolarentzat beharrezko espazioa eta San Benito ikastolan irisgarritasuna hobetu ere bai.
ETXEBIZITZA ETA GAZTEAK
Gazteen etxebizitzaren gaia hartu du ardatz nagusietako bat EH Bilduk. Emantzipatzeko laguntasun gisara, gazteei eskaintzeko alokairuko etxebizitzak sortuko dituela iragarri du. Bestetik, gazteen proiektuak eta ideiak garatzen udalak laguntzaile izan behar duela ere aurreratu du.
Etxetegi berrien gunetzat, Iturgaitzaga-Iturrialdea eremua bukatutakoan, San Inazio aldeari heltzea proposatu du PSE-EEk. Gurutzetik hara beste zubi bat eraikitzea ere bai. Gazteen beharretarako, zerbitzuak eta Arerian lokalak egokitu beharko liratekeela iritzi dio.