«Helburu bakarra, lazkaotarren adiskide segitzea»
Edozein neurritako proiektuei heltzeko beldurrik ez duela dio EH Bilduren alkategai Joxemari Ormazabalek. «Guk ere baditugu eraikuntza proiektuak, baina jasangarriak eta ingurumen irizpideak barnebiltzen dituztenak, eta auzoen oreka bilatzen dutenak», zehaztu du. «Eraiki, behar den guztia; behar den bezala, eta behar bada», borobildu du programan.
Pertsonen arteko harremanen zalea dela dio, eta helburu bakartzat «lazkaotarren adiskide izaten jarraitzea» du, «zerbitzu ona eta eraginkorra eman diegulako esker ona aurrez aurre jasotzea». «Gu ez gatoz lan bila, nork bere lanpostua badugu, zorionez. Herritarron ordezkariak profesional ez dutela izan behar uste dugu. Horrela bakarrik lortuko dugu herritarrek politika gauza arrotz bezala ez ikustea, politikariak etsaitzat ez hartzea».
Jendaurrean hitz egiten trebatua da lehendik, Maizpiden euskara irakasle baita. Aitona udal idazkari izan zuen, eta «hari begira udaletxe zaharrean miresmenez ikasitakotik» hasita, bizitzan metatutako esperientzia baliatu nahi du; «badakit zentzu ona ez dela nahikoa udalerri bat gobernatzeko».
Propraman ere alderdi humanista nabarmendu du EH Bilduk, proiektu zehatzak aipatu baino gehiago hautagaien lan arloak eta eragin eremua azalduta. Helburua, lazkaotar guztiak «berdinago, euskaldunago, merkeago; hitz batean, zoriontsuago» bizi izatea du Ormazabalek. Hori lortzeko bidea ere garbi dauka: «Alde egotetik egitera pasa behar dugu».
Herria «erdiguneko lau kaleetara» ez dela mugatzen erakutsi nahi dute, eta, hargatik, Lazkaomendiri eman diote arreta berezia azpiegituren eginkizunen artean, eta ekinbide-filosofiaren erakusgarri modura aurkeztu dute. Estolderia eta hornidura sarea berritu, eta oinezkoen bide seguru bat egin nahi dute hara.
Alkatetzarako urratsa aurrera egin du, herrigintzako hamaika antolamendutan ibili ondoren. «Gutxitan egon naiz hartutako erabaki batez hain seguru».