«Herriak eman didana itzuli nahi diot»
Esker oneko hitzak jaulki ditu aurren-aurrena Marisa Sanchezek Lazkaorekiko, herriak egin dion harreragatik. «Euskadi kanpotik zatozenean, hedabideek ematen dizuten irudi hori dakarkizu. Baina inoiz ez dut arbuiorik sentitu hemen jaioa ez izateagatik. Ideologikoki izan ditzakegu tendentzia desberdinak, baina errespetuz beti». Joera horren ordaina itzuli nahi dio orain Alderdi Sozialistaren hautagaiak Lazkaori, udalean sartuta. Bide batez, atzera zinegotzi ordezkaritza lortu, eta EAJri eta EH Bilduri gehiengo osoa lortzeko aukera eragotzi nahi die. «Ez dugu gehiengo absoluturik nahi, udal proposamenak zabalagoak eta ahalik eta lazkaotar gehienen sentsibilitatea hartzen dutenak izan daitezen».
Politikagintza publikoan duela hogei urte hasi zen Sanchez. Caravaca de la Cruz sorterrian zortzi urtean PSOEren zinegotzi izana da (1999-2007). 2011n Olaberriko Udalerako alkategai aurkeztu izan zen, PSE-EEtik. Hamar urte damara Lazkaon bizi izaten. Politikarekiko pasioa eta bizi den tokiaren bizimodua hobetzea «beti» izan dituela gaineratu du. «Niretzat garrantzitsuena Lazkao da, eta lazkaotarren bizitza ahal den gehiena hobetzeko jarrera izango dut. Bizikidetza da aurrenekoa; denok badakigu ez dela iraganean herri erraza izan, baina hori gaindituta dago. Elkarbizitzan jarri nahi dugu indarra, legaltasun-markoaren barruan eta bakoitzak geure ideologiatik, adostasunera iritsi eta herriko bizia hobetzeko».
Genero berdintasuna da beste ardatz bat PSE-EEren politikagintzan. «Emakumezko hautagai bakarra dago, PSEkoa». Etorkinak integratzea du beste kezka bat. Eta 16 urtetik gorako gazteei kultura-gune edo entsegu toki gehiago eskaintzea. «Gazteria asko dago Lazkaon, eta 16tik gorakoak umezurtz samar ikusten ditut. Gazteentzako lokalen gabezia daukagula iruditzen zait». Hauteskundeak «irabazteko» gogotsu da, bien bitartean.