«Lazkao pertsonek osatzen dute, eta horiek dira ardatz»
Enpresa munduko zenbakietara dedikatu izan da profesionalki Kepa Zubiarrain, EAJren alkategaia. Deustuko Unibertsitatean ikasia, Estanda fundizioko finantza arduradun izana da. Lazkaoko Udalean zinegotzi ere bai, 1990eko hamarraldian. «Uste dut esperientzia hura baliagarri izango zaidala, nire ibilbide profesionalarekin batera». Jendaurrean hitz egiteko soltura irabazi du aurkeztu zutenetik. EAJren proiektuak «fruitu oparoak» eman dituela eta, bide horretan jarraitzeko konpromisoa berretsi du. Urtarrilean aurkeztu zuten zerrendaburutzat, eta udalbatzarretan nahiz ekitaldi instituzionaletan presente izan da, harrezkero.
Proiektu guztiak jo ditu garrantzitsutzat. «Ez naiz proiektuak lehen eta bigarren mailetan sailkatzearen aldekoa. Guztiak dira garrantzitsuak, lazkaotarren arazoei erantzuten eta haien bizi kalitatea hobetzen laguntzen duten heinean».
Hain justu, alderdi jeltzalearen ‘pertsonak ardatz’ leloa bere eginda, Lazkaon ere EAJren politiken helburu eta objektu pertsonak izango direla aurreratu du.
Jarduera ekonomikoa eta enplegua bultzatzen dutenak aipatu ditu aurrena, datozen urteetarako proiektu nagusiak zerrendatzerakoan. Eta aisia nahiz zerbitzu ekipamenduak berritzea, ondotik: «Kiroldegia, aparkalekuak, meandroko proiektua, bidegorriak…». Kaleen urbanizazio lanak gero, baserriei argiteria eta Internet bermatu, ikastola lagundu… «Baina elkartasuna eta justizia soziala ezinbestekoak ditugu, Lazkao kohesionatu eta berdinago bat lortuko bada».
Kontsentsuaren eta hizketaren aldeko mezua jaurti du Zubiarrainek. Elkarlana, kudeaketa arduratsua eta gardentasuna jarri ditu, berriz, berak gidatu nahi duen udal gobernu taldearen «ereduaren ikur». «Iraganeko liskarrak eta zentzu gabeko eztabaidak alde batera utzi, eta akordioak lortzen saiatu behar dugu guztion artean. Elkarrizketa eta lankidetzan jardun behar dugu, proiektu partekatu baten alde beti ere».