Azterketarik gabe Aralarren pistarik ez egiteko eskatu du mendizale federazioak
Ikuspegi eta erabilera desberdinak kontuan hartuko lituzkeen komisio bat sortu beharko litzateke federazioaren ustez.
GMF Gipuzkoako Mendizale Federazioak maiatzaren 2an egin zuen batzar nagusian Aralarren eraikitzen ari diren pista berriak gaia landu zuen, eta bost puntuko adierazpena onartu. GMFren arabera, Aralarko abeltzaintza eredua aldatu egin beharko litzateke pistarik eraiki aurretik honako helburuak lortzeari begira: «Aralarko parke naturalean eta Kontserbazio Bereziko Eremuan ezarritako kontserbazio helburuetara egokitzeko –bereziki larreen produktibitatea eta ganadu kopuruaren arteko oreka lortzeko–, eta atzera bueltarik ez duten ingurumen kalteak eragozteko».
Aralarren artzainek egiten duten lana «asko estimatzen» duela dio adierazpenak, eta mendi babestu izaeradun kudeaketaren helburua natur baliabideak babestu, kontserbatu, leheneratu eta hobetzea dela, «bereziki, natur guneak, eta flora eta fauna basatiak». Federazioaren arabera, abeltzaintza ez da Aralar kudeatzeko tresna bakarra. “Ezinbestekoa da bertako errealitatearen ezagutza zientifikoan sakontzea, oinarri sendoen gainean planifikatu ahal izateko kudeaketa”.
Ikuspegi eta erabilera desberdinak bilduko lituzkeen komisio bat sortu beharko litzatekeela ere uste du federazioak, “Aralarko beharrak aztertu eta erabilpen jasangarria eta orekatu bat izan dezan”