Kultur etxea izango da erronka
Izal Baik, EH Bilduk eta PSE-EEk aurkeztu dituzte hautagaitzak. Izal Baik gehiengo absolutoa izan du azkeneko legealdian, hamaikatik zazpi eserlekurekin
Hiru izango dira Idiazabalgo herritarrek maiatzaren 26ko Udal Hauteskundeetan bozkatzeko izango dituzten aukerak. Ioritz Imazek 2007an hartu zuen kargua Antton Irizarrek utzitako lekukoa hartuta, eta harrezkero bera izan da herriko alkatea. Oraingo honetan ere, bera izango da Izal Bairen alkategaia. EH Bilduren hautagaia Iñaki Alberdi izango da eta azkenik, PSE-EEk ere aurkeztu du hautagaitza, Migel Anjel Morales izango da zerrenda b urua.
Hamaika eserleku daude jokoan Idiazabalen. Azkeneko legealdian Izal Baik zazpi eta EH Bilduk lau izan dituzte. Hauteskundeen atarian, Imazek «atera- tzeko hainbat arantza» dituela adierazi du. «Gurutze Berri auzoa berritzea, Plan Orokorra bukatzea eta eskola handitzea» lortu nahi du. Horregatik, «oso gogotsu» aurkezten da. Udal barruan «batera lan eginez giroa sanotzeko» asmoarekin dator. Izal Bairen zerrenda ondorengoek osatuko dute: Andoni Gomez Aldanondo, Aitzol Mendizabal Malkorra, Maria Montserrat Delgado Agirre, Kepa Oiarbide Labaka, Iker Zabaleta Urzelai, Igor Ariztimuño Iparragirre, Amaia Lopez Aizpeolea, Manuel Artola Iturbe, Erkuden Murua Uribe-Etxeberria eta Izaskun Cuadrado Matos.
Iñaki Alberdirentzat lehenengo aldia da alkategai aurkezten dela. Erabakia hartzea «erraza ez» dela izan adierazi du. Buelta asko eman dizkio, baina «proiektura batu diren pertsonak ikusita, pausoa ematea» izan da urratsa eta «oso gogotsu» dago. «Babestuta» sentitzen da, «talde sendoa» duelako ondoan. «Lan asko» egiteko asmoarekin datoz eta «ziklo berri bati hasiera emateko ilusioarekin». Aloña Barandiaran Munduatek, Iñaki Arriaran Murgiondok, Ioana Prados Alustizak, Aritz Ugarte Munduatek, Eunate Elio Cemborainek, Aimar Lizarazu Iztuetak, Jaione Munarriz Aramendik, Aritz Katarain Azaldegik, Maria Isabel Lizarazu Leizeagak eta Jose Francisco Irizar Imazek osatuko dute EH Bilduren hautagaitza zerrenda.
Kultur etxea denontzat
Lehentasunezko inbertsioak Gurutze Berri auzoa gauzatzea, Plaza Nagusia berritzea, eskola handitzea eta kultur etxearen proiektua lantzea izango dira Izal Bairentzat. Horrez gain, Plan Estrategikoari ere heldu nahi dio Imazek, «herriaren erronkak adostu eta 10-15 urteetarako bidea markatuko duena». Herritarren beharrak asetzeko lanketa ere proposatzen du, gazteenak eta komertzioarenak besteak beste.
EH Bilduk helburuak epe luzean jarrita dituen programa osatu du. Emakumeentzako ahalduntze eskola eta kultur etxe berria sortzea, mendekotasuna duten pertsonen zaintzaileentzat plana eta Idiazabal Haurren Herrien Sarean sartzeko pausoak ematea dira dituzten proiektuetako batzuk.