«Nire taldekideek esperientzia eta konpromisoa dute»
Informatika eta Dokumentazio ikasketak ditu. Informatika aholkulari eta dokumentalista lanak egiten ditu enpresa batean. Azken legealdi honetan PSE-EE alderdiaren bozeramailea da. Gogotsu ageri da. «Lau urteko esperientzia dudan arren, alkategai izatea erronka da. Baina lan talde bikaina dut: nire taldekideek esperientzia eta konpromisoa dute», aipatu du PSE-EEren alkategaiak.
Alderdi sozialistako kideek adinekoei eta gazteei lehentasuna eman nahi diete. «Urretxu adinekoekin atseginagoa izatea nahi dugu. Adinekoek bizitza aktiboa eta osasungarria izatea nahi dugu. Horretarako, zerbitzuak hobetuko ditugu. Gazteei dagokienez, formazio eta aholkularitza programak bultzatuko ditugu, lana lor dezaten».
Etxebizitzaren arazoari, hirigintzari eta garapen ekonomikoari ere garrantzi handia ematen diote. «Etxebizitzei dagokienez, babestutakoak bultzatuko ditugu. Adinekoentzako pisu tutelatuak ere egin nahi ditugu. Hirigintzan, goiko auzoen irisgarritasuna hobetu nahi dugu. Garapen ekonomikoa ere oso garrantzitsua da, noski. Industria alorreko enpresentzat inbertsioak erakarri nahi ditugu eta herriko merkataritzari bultzada emango dioten ekintzak abian jarri», amaitu du Nievesek.