«Udalaren kudeaketan eskarmentua dugu»
Enpresa ikasketak egin zituen eta garapen agentziako kudeatzailea izan zen. 2011-2015 legealdian zinegotzia izan zen eta egun alkatea da. «Nire burua talde baten partaide bezala ikusten dut. 2015ean aurkeztu genuen talde berberarekin gatoz. Gure aurkezpenik onena azken lau urte hauetan egin dugun lana da. Talentua, ilusioa eta konpromisoa uztartzen dituzten hamasei lagun gara. Adin eta jatorri ezberdinekoak, udalaren kudeaketan eskarmentua dugu».
Duela lau urte hasitako lanari jarraipena eman nahi diote. «Urretxurentzat garrantzitsuak diren hainbat egitasmoren oinarriak ezarri ditugu eta hurrengo legealdian horiek eta beste batzuk gauzatu nahi ditugu. EAJk sektore guztiekin hitz egiteko borondatea duela erakutsi du eta urretxuarrak entzuten jarraituko dugu akordio maila altuena lortzeko».
Proiektuei dagokienez, udalaren baliabideen kudeaketa ona egitea, ahulenei zerbitzuak eta arreta bermatzen jarraitzea, pasiotarren komentuan Aspaceren zentro integrala egitea, adinekoentzat etxebizitzak egitea, zaintzaileei babesa emateko gunea egitea, etxebizitza sozialak egitea, Irimo, Sarralde eta Kaminpen jarduera ekonomikoak bultzatzea, merkataritza babestea eta lehen sektoreko ekoizleei laguntzea dira helburuak.