Ezkio eta Itsaso, hauteskundeetan erabat bereizi ezinda
Ezkioko eta Itsasoko bizilagunek Santa Lutzi auzoan eman beharko dute Batzar Nagusietarako eta Europako Legebiltzarrerako botoa. Herriko ordezkariak, bakoitzak bere aldetik aukeratuko ditu, ordea.
Ezkio eta Itsaso bereizi ziren. Gipuzkoako Foru Aldundiak 2016. urteko amaieran Foru Dekretua indarrean jarri zuen, non udalerri izaera aitortzen zaion Itsasori. Baina Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpenaren zain daude ohiko udalerriek dituzten eskubideak egikaritu ahal izateko. Izan ere, Itsasoko Udalak ez du oraindik, Espainiako justiziaren arabera, hauteskunde zerrenda ezta bake epailea izateko eskubiderik. Gauzak honela, maiatzaren 5ean kontsulta egin zuten Itsason hurrengo agintaldirako udal batzorde kudeatzailea aukeratzeko. Udal taldeko kideak hautatu dituzte eta orain Foru Aldundiak onespena eman zain daude. Igandean, hala ere, Gipuzkoako Batzar Nagusietarako eta Europako Legebiltzarrerako botoa ematera Ezkioko Santa Lutzi auzoko hauteslekura joan beharko dira itsasoarrak.
Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpena iristerako urtebete baino gehiago pasako dela aurreikusi du Gorka Sasieta jarduneko udal batzorde kudeatzailearen buruak.
Bien bitartean, Ezkioko zerrenda osatzeko guztiak izan ziren hautagaiak, eta 105 izen azaldu ondoren, boto kopuruaren arabera sailkatuta, lehenengo hamabost herritarrekin osatu dute Ezkio Eraikiz plataformaren zerrenda.
Aurrekoari segida emateko xedea du Ezkio Eraikiz herri plataformak
Ezkion Ezkio Eraikiz plataforma aurkeztuko da igandeko udal hauteskundeetara. PSE-EEko zerrenda bat ere badago, baina alderdi sozialistak ez du zerrendagaien berri eman, ezta programaren berri ere. Ezkio Eraikiz taldearen alkategaia Tomas Etxaniz da. Aurreko agintaldian egindakoari segida emango diote.
Ezkio Eraikiz plataformaren zerrendagaiak hauek dira, dagokien hurrenkeran: Tomas Etxaniz, Joseba Telleria, Mikel Igartua, Maialen Etxeberria, Agurtzane Zubillaga, Luis Mari Torres eta Jon Garziandia. Etxanizek badu eskarmentua udal jardunean: «Alkatetzaren ardura ez dut lana bezala hartzen». Hurrengoan, Etxanizen hitzetan, «amaitu den agintaldian mahai gainean geratu diren proiektuei jarraipena ematea». Ezkioko goiko auzorako hausnarketa orokor bat bultzatuko dute. Santa Lutzi auzoan, Herri Eskolarekin batera, kirol ekipamendua dela-eta irtenbideak bilatuko dituzte. Goiko eta beheko auzoen artean Bide Berde bat egiteko beharra plazaratu nahi dute. Ongizate arloan Auzozaintza proiektua abiarazi nahi dute eta «oso adi» jarraitu AHTaren bueltan iristen diren berriei, «Nafarroako lotura hemen izango den edo ez».
Udal taldea hautatzeko kontsulta egin dute Itsason
Udalerria datozen lau urteetan kudeatuko duen herri batzordea aukeratzeko botoa eman zuten Itsasoko 16 urtetik gorako bizilagunek aurreko maiatzaren 5ean. Bozketan itsasoarren %76k parte hartu zuten. Boto paperetan izenak idatzi behar zituzten boto emaileek eta hala osatu zuten zerrenda. Dagoeneko kudeaketa taldea behin-behinean nork osatuko duen eman dute jakitera. Gorka Sasieta buru duela, Maixabel Olangak, Anttoni Okarizek, Kaio Iraetak eta Olatz Izak osatuko dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak egingo du behin-behineko izendapena.
Zerrenda hauteskundeetan boto gehien jasotako hamar herritarren artean egindako bileran osatu zuten, maiatzaren 10ean.
Itsason udal hauteskundeak egiteko hautua egin zuten herri batzarrean. Oraindik hauteskunde erroldarik nahiz bake epailerik ez izan arren, udalerritzat hartzen ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak eta udal kudeaketarekin aurrera egiteko bidea udal kudeaketa taldea aukeratzea izan da.
Herri bideak konpondu, irisgarritasun lanak egin, Alegia auzoaren bulebarizazioaren proiektua, auzo konpostagunea Alegian eta Itsaso 2030 proiektua dituzte, besteak beste, esku artean. Finean, proiektu horren bidez etorkizuneko Itsasoren oinarriak elkarlanean landu nahi dituzte, parte hartze dinamikak bultzatuz.