JARRAIPENA EDO ALDAKETA JOKOAN
Bost aukera desberdinen artean bozkatu ahalko dute ordiziarrek. EAJren eta EH Bilduren artean egongo da alkatetzarako borroka. Koalizioen baitan egon daiteke udal gobernuaren osaketa.
Ordiziarrek bost hautagai zerrenda izango dituzte aukeran udal hauteskundeetan. Azken legealdian, EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta Ordizia Orain izan dira udala osatu dutenak. 13 zinegotzik osatutako udala izan da: EAJk eta EH Bilduk bosna, Ordizia Orainek bi eta PSE-EEk beste bi izan dituzte. Igandetik aurrera gauzak aldatu egingo dira eta 17 zinegotzik osatuko dute udala, Ordiziako biztanle kopuruak gora egin baitu.
EAJren alkategaia azkeneko lau urteotan alkate izan den Jose Migel Santamaria izango da, EH Bildurena azken legealdian zinegotzia izan den Adur Ezenarro, Elkarrekin Podemos-Ordizia Orainenekoa ere zinegotzia izandako Mila Sukia, PSE-EEren alkategaia herri politikan esperientzia zabala duen Iñaki Du breuil izango da eta, azkenik, PPren alkategaia Juan Manuel Gaso da.
Azkeneko lau urteak ez dira errazak izan Ordiziako udalean. Udal gobernua EAJk eta PSE-EEk osatu dute, baina minorian gobernatu dute. EH Bilduk eta Ordizia Orainek osatu dute oposizioa eta udal gobernuak baino bozka gehiago biltzen zituzten. Hori horrela, negoziatzera kondenatua egon da alkatea, nahiz eta hori ez den ohiko joera izan. Horregatik, herriarentzat eta herritarrentzat hain garrantzitsuak diren hainbat gaik ez dute aurrera egin. Esan behar da, baita ere, Ordiziako udal gobernua dela udal aurrekonturik aurkeztu ez duen Goierriko herri bakarra. Igandean, berdin jarraitu edo bide berriak ireki erabaki ahalko dute herritarrek.
Une honetan zer gertatuko den aurreikustea zaila da. 2015eko hauteskundeetan EAJk 1.754 bozka jaso zituen eta EH Bilduk 1.672. Igandean, borroka bien artean izango dela da esan daitekeena.
EKONOMIA
Ekonomiari dagokionez, EAJk kalitatezko enplegua sustatu, industria eta Goierriko Berrikuntza Gunea zaindu, azokaren inguruan negozio berriak sortu, merkataritza, ostalaritza eta turismoa laguntzen jarraitu eta, azkenik, Oianguko parkea garatzea dira proposatu dituztenak, nahiz eta ez duten xehetasun gehiago eman.
EH Bilduk, ekonomiari dagokionez lau ardatz ditu. Betiko azokan oinarrituta, eredu berriak sustatzea proposatzen dute eta plaza modernitzatzeko asmoa ere badute. Merkataritzari dagokionez, azalera handiei aurre egiteko estrategia abiaraziko dute, Ordiziako komertzioari indarra emateko asmoz. Oianguri dagokionez, Oiangu Baserria berreskuratu eta proiektua indartu nahi dute aterpetxe zerbitzuarekin. Maldan Gora aretoa ere ekitaldiak antolatzeko areto bilakatu nahi dute, eta ondoko lokala ikastaroak emateko egokitu. Azkenik, Goierri Poloa deitu duten atalean, ekonomia soziala hartuko dute oinarri.
Elkarrekin Podemos-Ordizia Orainek ekonomia zirkularraren aldeko apustua egingo du. Merkataritzari dagokionez, tokiko produktuak indartu eta erosketak herrian egiteko lan egingo dute. Trantsizio energetikoa egiteko mahaia osatzeko asmoa ere badute, eta enpleguari dagokionez, enplegu duinaren alde egingo dute lan.
PSE-EEk proposamen ugari egin ditu atal honetan. Ordizia garatzea eta promozionatzea da helburua. Ikasle ordiziarrek praktikak herrian bertan egiteko aukera zabaldu nahi dute. Horrez gain, industria sektorean enplegua sortzeko lan egingo dute. Gainera, enplegua bilatzeko zailtasunak dituzten herritarrei lagundu nahi diete. Turismoaren eta merkataritzaren arloak ere indartuko dituzte.
ONGIZATEA
Gizarte zerbitzuak eta osasuna modernizatzeko pausoak eman nahi ditu EAJk. Horren harira, San Juan auzoan adineko pertsonen egoitza berria eraiki nahi du, arreta pertsonalizatuagoa eta gertuagokoa eskaintzeko.
EH Bilduk ordiziarrak zaintzeko Gizarte Zerbitzuak ezinbestekoak direla uste du. Horretarako azpiegitura duinak beharrezkoak direla eta horregatik Jakes etxe osoa Ongizatera bideratu, eta igogailu batekin solairu guztiak irisgarri bilakatzea proposatzen dute. Komunak ere irisgarri egingo dituzte eta azkeneko solairuan espazio berriak egokitzeko urratsak egin.
Elkarrekin Podemos-Ordizia Orainek Ordizia atsegin eta segurua eraikitzea proposatzen du. Pertsona guztiei leku publikoetara irisgarritasuna bermatu nahi diete. Mendeko pertsonen , bakarrik bizi diren pertsonen eta baliabide ekonomiko gutxi dituzten pertsonen etxebizitzen inbentarioa egitea proposatzen dute.
PSE-EErentzat atal garrantzitsuenetakoa da honakoa. Erresidentzia berri bat egiteko lan egingo dute, adineko pertsonei laguntzeko programak indartuko dituzte, zaintzaileen egunerokoa hobetzeko neurriak hartuko dituzte eta etxeko arreta ere hobetuko dute, beste gauza askoren artean.
AZPIEGITURAK, HIRIGINTZA
EAJk Majori kiroldegiko obren bigarren fasea gauzatzea, trenbidea N-1 errepidearen aldera mugitzeko lanari heltzea, bi aparkaleku berri egitea, Bustuntza eta Altamira auzoak berritzea eta San Juan auzoan parke bat egitea dira, beste batzuen artean, proposatu dituzten azpiegiturak eta obrak.
EH Bilduk Altamira, Buztuntza, Urdaneta eta San Juan auzoetan urbanizazio lanak egitea proposatzen du. Altamiran eta Buztuntzan, auzoak eraberritzeko proiektu anbiziotsuak dituzte. Urdaneta eskola ere, eraikin zaharra denez, berritzea da asmoa.
PSE-EEk hirigintza proiektuak modu jasangarrian egitea proposatzen du. Auzoak eraberritzeko hainbat proposamen ere baditu.
KULTURA, EUSKARA
EAJk Herri Antzokia berritu eta Ordiziako Kulturgune proiektua gauzatzea, kultur eskaintza aberatsa eta dinamikoa proposatzen dute.
EH Bilduk azpiegiturak eraberritzea eta herritarrek zer nolako kultura behar duten aztertzea proposatzen du, eta bidea herriko eragileekin elkarlanean adostea. Kultur estrategia garatzeko hiru ardatz dituzte: formazioa, sormena eta sozializazioa. Euskarari dagokionez, inor baztertu gabe, euskara Ordiziako lehentasuneko hizkuntza izateko neurriak hartuko dituzte, besteak beste.
Elkarrekin Podemos-Ordizia Orainek, berriz, kultur espazio autogestionatuak proposatzen dituzte eta euskarari dagokionez, EGA mailara arte dohainekoa izatea formakuntza.
PSE-EEk Herri Antzokia arte eszenikoen zentro bat bihurtzea proposatzen du.