Udaberriko emaria zabalik
Azoka bizia eta jendetsua atzokoa ere, udaberri bete-betekoa; hemengo denboraldiko lehen azenarioak eta gereziak ekarri dituzte.
Landare eta ziza postuak izan ziren atzo ere jende gehien ingurarazi zutenak. Piperra, tomatea eta urazak dira kopuruz salmenten gailurrean, ondoren letozke kuia, kuiatxoa, berenjena, luzokerra, erremolatxa eta horrelakoak. Denbora luzez landatu daitezkeen aza mota ezberdinak, borraja, zerba edo porrua ahaztu gabe. Denak aukeran momentu berean.
Jateko puntuan daudenen artean, azenario berria aipatu behar dugu. Orain hasten da hemengoaren garaia. Baratzea hurbiletik bizi ez duenarentzat zaila da jakitea zein urte garaikoa den, produktu hau urte guztian ikus baitaiteke salgai fruta eta barazki saltokietan. Gurean, berriz, udaberri hasieran erein ohi da, abuztura arte edo. Eta ia urte guztian izan genezake azenarioa. Azkenak gustuz onak izanda ere, zakartu eta itsustu egiten dira, eta nabarmen izaten da zein den etxekoa eta kanpokoa. Mozorroa sartu eta hondatu ere egiten dira askotan. Erein eta ia zuztarra egiten hasten denean bakandu behar da, eta lehen txiki horiek dira salgai zirenak. «Entresakakoak dira, uzten direnei tokia egiteko egin beharrekoa izaten da, eta kendutako txiki hauek fresko-freskoak gustagarriak dira», Maria Jesus Oriaren hitzetan. Eta izandako harrera ona horren seinale, goizean goiz saldu ziren, 1-1,5 euroan sorta.
Goierriko lehenengo gereziak Gabiriako Oñatibi Txikikoak izan dira, 5 euroan kiloa. Goizeko gerezia da. Beste batzuk, berriz, aipatu ziguten, eta baita argazkia erakutsi ere, asteburuan botatako euriak zartatuta. Milagrokoak ere hasi dira. Plaza inguruan gerezi kilo asko ziren salgai, 4 eta 6 euro artean kiloa.
Ziza ugari atzo ere, 465 kilo salgai (14-39 euro artean kiloa). 215 kilo onddo (10-24 €/k) eta 22 kilo ziza hori 22 k (15-22 €/k) ere jarri ziren salgai.
Batzuk hasi besteak bukatu
Aste Santuaz geroztik arto opila ekartzeari utzi dio Maite Iturbe okin legazpiarrak datorren udazkenera arte. Aldiz, ostegunero joan ohi den Markinako merkatuan eskean ari zaio jendea eta joan zen astean eraman ez bazuen ere, bart egitekoa zen gaur hara eramateko.