BOZ BATEAN, HIRU AHOTSETARA
Igandean egingo dira udaletarako, Batzar Nagusietarako eta Europako Parlamenturako hauteskundeak. Kanpaina gaur bukatuko da, bi alderdi nagusien borrokak markatua
Erakunde gertuenekoetako eta urrutieneko ordezkariak aukeratuko dituzte igandean 52.000 goierritarrek. Hiru hauteskunde batera egokituko dira, hogei urtean behingo zikloan hirugarren aldiz (1987an eta 1999an ere hirurak). Udal zinegotziak, Gipuzkoako Batzar Nagusietako batzarkideak eta Europako Lege- biltzarreko europarlamentariak aukeratzeko hiru boto sartu ahalko dira: zuria, sepia eta urdin argia, hurrenez hurren.
Eremu, eragin eta intentsitate desberdineko deialdiak izanik, udaletako hautagaitzek izan dute presentzia handiena, sarri Batzar Nagusietako diputatugai nagusien diskurtsoek osatuta. Hauteskunde kanpaina gaur amaituko da, eta biharko hausnarketa egunaren ondotik, igandea 1977tik 40. hauteskunde eguna izango da. Udal eta foru bozak 11.ak dira, Europakoa 8.a.
UDALETAN ALDAIZEA
Aldaketa dezentekoa izango dela dirudi Maiatzaren 26ko emaitzek uzten dituzten udalbatzetan. Goierrin denera 68 zerrenda daude aukeran. Horietatik 45ek dute gaur egun ordezkariren bat. Alkategai modura aurkeztutako zerrendaburuen ia erdiak (30) berriak dira, postu horretan.
Gaur egun alkate diren 23 lagunetatik, 13 aurkeztu dira berriro berraukeraketara. Zazpi udalburuk utzi egingo dute herriko politikagintza, eta gainontzekoak lehen lerrotik atzeratu dira.
Udalaren agintari gorenen artean, emakumezkoen presentziak apala izaten jarraituko du. Zerrendaburuen %35,3 dira emakumeak, 24 guztira. Gaur egun, hiru udalek bakarrik daukate emakumezko alkatea.
2015ean baino lau zinegotzi gehiago aukeratuko dira Goierrin: 208 guztira. Ordiziak 13tik 17ra igo du udalbatza.
KONTZENTRAZIORA JOERA
Alderdiek eta hautesle elkarteek urterik urte zerrendak osatzeko ere gero eta zailtasun handiagoak dituzte. Oro har, aukerak gutxitzen eta ildo politiko nagusien eskaintza lerratzen ari dira. Hautagaitza independenteak jada ez dira ugarienak Goierrin: 13 aurkeztu dituzte aurten udal bozetara. Arama eta Altzaga dira herriko hautesle taldeak bina dituzten bakarrak.
Herri handietan, alderdi ofizialak dira aukera, beti bezala. PSE-EEk osatu ditu gehien, eta 17 herritan aurkeztu da. EH Bilduk duela lau urteko denak mantendu ditu (16). EAJk, herri ertainetan marka propioa erakustearen apustuarekin aurrera segi du. Ataunen (1991tik lehen aldiz) eta Zaldibian (sistema demokratikodun aldian lehenengoz) eratu dute jeltzaleek plantxa; 2015ean, Seguran, Itsasondon eta Legorretan berreskuratu zituen.
SENTIMENDUEN KANPAINA
Aurre-kanpaina eta kanpaina oparoena eskualdeko bi alderdi bozkatuenek egin dute. Alkategaia izendatu, aurkeztu, hautagaiekin bisitak eta mitinak, programa erakutsi… ia bost hilabeteko jardunean aritu dira biak. Batez ere, Batzar Nagusietako lehiak aurrez aurre jarri ditu, jarrera oldarkorrak, mezu gordinak eta aurpegiratze disimulugabeak eginez, sarri.
Edukien zehaztapenaren gainetik, intentzio erakusleiho eta oinarrizko irizpide politikoen euskarri izatera doaz, gero eta gehiago, alderdien programak. Salbuespenak salbuespen, orrialde gutxiko eskuorri eta aldizkari formatuetan argitaratu dituzte egitasmoak. Paperak jarraitzen du, oraindik, zabalkunderako bitarteko nagusi izaten.
EAJk, herri askotan, 10 proposamenen dekalogoa osatu du programa diptikoan. EH Bilduk, zortzi orrialdetan hautagaien soslaiei eta elkarrizketei eman die leku zabalena.
GOIERRITAR GEHIAGO
Goierritarrak eskualdetik harago ere alkategai izango dira. Andu Martinez de Rituerto (Lazkao, 1967) Tolosako zerrendaburu da, EH Bildutik. Lehenengo aldiz aurkeztuko da. Maria Ubarretxenak (Urretxu, 1980) Arrasaten EAJren alkategai modura errepikatuko du; 2015-2019 agintaldian allkate izan da. Miren Larrion (Legazpi, 1961), berriz, bizileku duen Gasteizko Udalerako aurkeztu da. 2015ean bigarren indar bozkatuena izan zen. Legebiltzarkide ere bada.
Batzar Nagusietarako hautagaitzetan, Markel Olano (Beasain, 1965) laugarren aldiz da EAJren diputatu nagusi izateko hautagaia. 2007an eta 2015ean lortu zuen, 2015ean oposizioan egon zen.
EH Bilduren Oria barrutiko zerrendaburua Marian Beitialarrangoitia (Legazpi, 1968) da. Hernaniko alkate (2007-2011), eusko legebiltzarkide (2012-2015) eta Espainiako Kongresuko diputatu (2016-2019) izan da.
EAJren zerrenda, Olanoren ondoren, Leire Artola, Felix Urkola, Josu Idigoras, Arantxa Garin eta Eneritz Miranda goierritarrek osatzen dute, lehen sei postuetan. Hiru batzarkide atera zituen Oriatik, orain hurrena. EH Bilduk, Beitialarrangoitiarekin batera, Maitane Gonzalez (3.), Jone Etxeberria (7.), Eñaut Telleria (8.) eta Belen Maiza (9.) ageri dira.
Elkarrekin Podemosek Mila Sukia jarri du Orian bigarren.
GIPUZKOAN, DIKOTOMIA
Batzar Nagusietako hauteskundeetarako, 450 botoren aldea besterik ez zen izan 2015ean Oria barrutian, EH Bilduren eta EAJren artean, lehenaren aldera. Estua aurreikusten da igandeko dema ere. Kanpainan zehar, diputatugai nagusien ahotik entzun ahal izan den laginak hala iradokitzen du.
EAJk islatu du gehien dikotomia hori, Markel Olanoren ahotik. Gipuzkoan igandean «bi aukera besterik» ez direla izango esatera mugatu du lehia. Aurkariaren izena saihestu gabe gainera, «porrotarekin» lotzeko. Kudeaketaren esperientzia eta ikuspegi estrategikoa jarri ditu bere baliotzat EAJk.
Herrialdea gobernatzeko gakoekin, 35 orrialdeko liburuxka atera du alderdi jeltzaleak. Jarduera ekonomikoa eta garraio-komunikazioak dira lehenengo ardatzak. Kultura, euskara, gizarte politikak eta berdintasuna multzo berean kokatu ditu. Gobernantza moldeei beste atal bat eskaini die.
EH Bilduk, 44 orrialdeko hauteskunde-programan, adjektiboekin identifikatu ditu atalak, herri-ri erantsita: etorkizunekoa, duina, bakeduna, demokratikoa, justua, jasangarria, aurreratua eta ikasia. Jasangarritasunak hartzen du espazio han- diena.
Kanpainan, Juan Karlos Izagirre diputatugai nagusiak, iraulketaren kontzeptua eta politika egiteko «beste» modu baten aldeko mezua aireratu ditu. «Herria» eta «herritarrak» izan ditu helburu, «bigarren mailako» herritarrei atea irekiko dien instituziorako.
EUROPAKO PARTE-HARTZEA
Hirugarren deialdiak, Europako Legebiltzarrerako bozenak, azken urteetako parte-hartze daturik onena izatea aurreikusten da. Azkeneko hiru hauteskundeetan (2004, 2009, 2014), gehiago izan dira bozkatzera joan ez direnak, bozkatu dutenak baino. Orain hurrena, %57ko abstentzioa izan zen, 2009an %59koa.
Datua asko igotzen da, ordea, udal eta foru hauteskundeekin bat egiten duenean. 1987an %33an geratu zen abstentzioa Europakoetan, eta 1999an %35,5ean. Atzerrian bizi diren goierritarrek ere bozkatu ahalko dute (53.700eko errolda), udal eta foru deialdietan ez bezala.
Goierritarrik ez da euskal alderdien zerrendetan, europarlamentari ateratzeko postuetan.
Hauteskundeak M-26
Eguna eta ordutegiak·Noiz. Igandea, maiatzak 26.·Hauteslekuen ordutegia. 09:00etatik 20:00etara.·Hauteslekuak. 22 herritan guztira 42 hautesleku izango dira, eta 86 mahai osatuko dituzte.·Emaitzak. Lehenengo Europako botoak zenbatuko dira, baina datu ofizialak ez dira 23:00ak arte jakingo (Italian orduan ixten dituztelako). Europakoen ondoren, udalekoak eta Batzarretakoak zenbatuko dira.Nork bozka dezake?· Europa. Espainiar nazionalitatedunek. EBko beste hautesleek erroldatuta egon behar dute.· Batzar Nagusiak. Espainiar nazionalitatea eduki, eta barrutian erroldatutakoek. Atzerritarrek ezin dute, ezta atzerrian iraunkorki bizi diren bertakoek ere.· Udala. EBko estatu kideetako nazionalitateko erroldatuek (Espainiaz kanpokoek eskaria egin behar dute). EB kanpoko 12 estatu itunduetako erroldatuek.· Errolda. Goierrin, udaletarako 51.977; Europarako 53.722.Udal hautagaitzak· Zerrendak. 68 zerrenda Goierrin. PSEk 17, EH Bilduk 16, independenteak 13, EAJk 11, Elkarrekin Podemosek eta PPk 5na, Aulki Zuriek 1.· Hautagaiak. Denera, 806 pertsona dira Goierrin hautagaiak. 208 zinegotzi aukeratuko dira.Batzarrak / Europa· Batzar Nagusiak. Gipuzkoako legebiltzarrerako 51 kide hautatuko dira. Goierri barruan duen Oria barrutiak 9 hautatuko ditu.· Europa. 27 estatu kideetako 360 milioi hauteslek eman dezakete botoa. 751 europarlamentari dira, Espainiatik 54.Goierriko gakoak
Arreta gune asko izango dituzte igandeko hauteskundeek, herriko berrietatik hasi eta bakoitzaren zaletasunekin segi. Galdera batzuk argituko dira. Hona begiratu beharreko zenbait arlo.1 Zerain. Zeraingo Herri Kandidatura berriro aurkezteak (2015ean erretiratu egin zen), udalaren osaera aldatuko du. EH Bildu gainditzeko lain?
2 Berdinketak. Ataun, Legazpi, Legorreta, Ordizia edo Urretxun botoz edo zizeiluz pareko ibili ziren lehen bi indarrak aurrekoan. Norantz abailduko da balantza orain?
3 EAJ. Duela lau urte hasita bezala, herriko hautesle elkartea babestu ordez, bere siglak berreskuratu ditu orain Ataunen eta Zaldibian. Zer eragin izango du herri horietan?4 EH Bildu. Bilduk 11 alkatetza lortu zituen 2011ko erauntsian; sei mantendu zituen 2015ean. Oreka-puntua non geratuko zaio igandean?5 PSE-EE. Lazkaon ordezkaritza berreskuratzea, eta Zumarragan gehiengo osoa iraunaraztea lortuko du?6 Elkarrekin Podemos. Irabazi eta beste markak desagertuta, ikuskizun da 5 hautetsiei eutsiko dien. Ormaiztegin lortuko du zinegotzirik?7 Berriak. Orain ordezkaritza 45 hautagaitzak dute. Horietatik 30ek alkategai berria dute. Izenak ala siglak izango du pisu handiagoa?