Patxi Zubizarreta omendu dute Goierriko irakurleek
Zubizarretak etxean jaso du omenaldia, Ordizian egin den Goierriko Irakurle Taldeen hirugarren topaketan.
Etxean inor ez dela profeta esaten da, baina Patxi Zubizarretak jaso du ingurukoen berotasuna. Idazle ordiziarra omendu dute Goierriko Irakurle Taldeen hirugarren topaketan. Pozik agertu da Zubizarreta aitortza jaso berritan.
Ataungo, Beasaingo, Gabiriako, Idiazabalgo, Itsasoko, Legazpiko, Ordiziako, Segurako eta Urretxuko eta Zumarragako irakurle taldeek hartu dute parte aurtengoan. Denera, 50 bat irakurzale elkartu dira Zuhaiztin, jubilatuen etxean. Patxi Zubizarreta bertan zela, berak idatzitako Jeans-ak hozkailuan liburuaren inguruan solasadia egin dute.
Zubizarretak Euskal Filologia ikasi zuen Gasteizen, eta bertan bizi da egun. Helduen Literaturan eta itzulpengintzan lan asko egindakoa den arren, Haur eta Gazte Literatura literatura idatzi du batik bat. Kasu, hiru bider irabazi du Haur eta Gazte Literaturaren Euskadi Saria: 1997an, Gizon izandako mutila lanarekin; 2006an, Pantaleon badoa lanarekin; eta 2010ean, Xia Tenzinen bidaia miresgarriarekin; Denera, idazle ordiziarrak 75 lan plazaratu ditu, eta bi diso–liburu ere bai.
Zubizarretak Joan Mari Irigoienen eta Arantxa Urretabizkaiaren lekukoa hartu du; aurreko urteetako topaketak Beasainen eta Urretxu eta Zumarragan egin ziren. 2020ko Goierriko Irakurle Taldeen topaketa Ataunen egingo dute.