Ataunen film emanaldia eta liburu aurkezpena, Elkartasun Astean
Ataungo Kalera Kalera ekimenak Elkartasun Astea antolatu du datozen egunetarako. Ostiralean hileroko bilkura egingo dute plazan, eta igandean, Napar iturrira ibilaldia.
Euskal presoen eta iheslarien egoera azaleratzeko, Ataungo Kalera Kalera ekimenak Elkartasun Astea antolatu du. Atzo hasi zuten egitaraua, San Martingo plazan elkarretaratzea burututa. Ostiralean ere beste bilkura bat egingo dute, hilaren azkenekoa den heinean, 20:00etan San Martingo plazan.
Aurtengo Elkartasun Asteko ekitaldi nagusietako bat, berritasuna ere badena, bihar izango da. Azken arnasa arte filma ikusi ahalko da, San Gregorioko Elkargunean, 19:00etan. Kurkuluxetan kultur elkarteak ekoitzi eta Rita Naveira eta Koldo Celestinok zuzendutako dokumentala da, 22 minutukoa. Presoen sakabanaketak adineko pertsonei zer eragiten dien azaltzen du.
Bestetik, Amaren etxea liburua ere aurkeztuko du Jokin Urain idazleak, biharko saioan. Euskal presoen senideen historia bat kontatzen du.
Elkartasun Astea igandean bukatuko da, ohi bezala Napar iturrira ibilaldia eginda, Lizarrustitik 10:00etan abiatuta.