Babestutako 36 etxebizitza eraiki eta alokairuan jarriko dituzte Floreagan, Ordizian
Martxoan aurkeztu zuen proiektua udal gobernuak eta osteguneko udalbatzan aho batez onartu zuten hitzarmena. 60 metro koadroko etxebitzak eraikiko dituzte.
Udal gobernu berria osatu aurreko azken osoko bilkura pasa den ostegunean egin zuten. Gai zerrenda luzea izan zen eta tartean ordiziarrentzat garrantzitsuak diren hainbat gai. Horietako bat, udal gobernuak martxoan ezagutzera eman zuen proiektu batekin du lotura. Martxoan aurreratu zutenez, San Joan auzoan, babes ofizialeko 36 etxebizitza eraikitzea zen asmoa. horietako 24 alokairu orokorrean eta 12 alokairu sozialean. Osteguneko udalabatzan landu zuten gaia eta aho batez onartu zuten hitzarmena, beraz, proiektuak aurrera egingo du.
Udal korporazioak San Joan auzoan dagoen Floreaga gunean babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko hitzarmena onartu zuen Osoko bilkuran. Obra eta lanen esleipena Jaurlaritzako Etxebizitza sailak egingo du, Alokabide erakunde publikoaren Bizigune programaren bitartez. Esleipena 2020an egitea aurreikusten dute eta bi urtetan amaituko lukete obra.
Hiru eraikin altxatuko dira eta bakoitzak beheko solairua eta beste hiru gehiago izango ditu. Solairu bakoitzean lau etxebizitza egingo dituzte. Horietako bakoitzak 60 metro koadro izango ditu, batez beste. Eusko Jaurlaritza da lurraren jabea eta 3,8 milioi euro inbertituko ditu obra egiteko