Lazkaon, Idauze-Mendin bezala
Hariztiko Parkearen udaberriko edertasuna eta parajearen paregabetasuna baliatuz, aire libreko kontzertu parea antolatu dute, Lazkaon. Tenpora taldeak joko du zapatuan
Euskal Herriko aire zabaleko musika jaialdi handienetakoa da Euskal Herria Zuzenean. Idauze-Mendi herrixkari (Zuberoa) ospea eman zion, 2002tik 2008ra hango Mendiko Landa zelaian egin baitzuten jaialdia. Lazkaon, askoz eskala txikiagoan, baina naturak eskaintzen duen beste erakusleiho paregabe batean, musika emanaldiak aire librean egingo dituzte.
Hariztiko Parkean, bi kontzertu antolatu dituzte, Harizti Musika eta Natura Zikloa izenpean. Tenpora taldeak irekiko du basoko emanaldien esperientzia, larunbat honetan. Bi aste barru, ekainaren 15ean, Fredi Pelaez Jazz Quartet laukoa ariko da.
Naturgune preziatua da Hariztiko Parkea lazkaotarrentzat. Berriki, zelaian haziberritu, basoa sanotu eta parkeko elementuak konpondu dituzte. Ekaineko bi emanaldietarako, oholtza txiki bat muntatuko dute, oinezko pasabidearen ertzean. Atzean Lazkaoko monumentu historikodun eremua dutela (jauregia, beneditar komentua, eliza…) joko dute, basoaren babesean.
Neurri-neurriko musika
Halako agertokiari dagokion pare-pareko musika aukeratu dute programaziorako. Tenpora talde tolosarrak pop eta jazz musika egiten du. Itzulika diskoa 2017an atera zuten, eta hura aireratuko dute. Bigarren lana dute. Rock progresiboa eta ukitu elektronikoa ere badu.
Tenpora 2013an sortua da, eta Mundu berria diskoa argitaratu zuten 2015ean, maketa baten ondotik. Lazkaon oso ezagun diren Beñat Barandiaran (gitarra) eta Hasier Oleaga (bateria) —musika eskolako irakasleak—, Itsaso Etxebeste (baxua), Juantxo Zeberio (teklak) eta Elene Arandia (kantua) dira kideak.
Bigarren kontzerturako, beste lazkaotar batek girotuko du Hariztiko Parkea: Fredi Pelaezen jazz taldeak. Ohiko hirukoa ugarituta, musikari laukotea eramango du, ekainaren 15eko saiora. Pelaezek Hammond organoarekin sortuko du jazza, Hilario Rodeiro baterian eta Mikel Romero gitarran lagun dituela. Fredi Pelaez Triok, bestetik, Donostiako 54. Jazzaldian joko du.
Kontzertuak Hariztiko parkean
· Ekainak 1. Tenpora. ‘Itzulika’ diskoaren aurkezpena. Pop, jazz, rock eta elektronikoa.
· Ekainak 15. Fredi Pelaez Jazz Quartet. Jazza eta Hammond organoa.
· Tokia. Hariztiko Parkea basoan, Lazkao.
· Ordua. 20:00etan, bi saioak. Euria ari badu, Arerian egingo dira.