Loinatz jaietan ere euskaraz aritu eta gozatzeko deia egin du Aittu euskara taldeak
Beasaingo jaietarako 'Nekin Aittu euskeraz' leloarekin pegatinak atera dituzte. Hainbat herritar eta festetako protagonista elkartu ditu Beasaingo Aittu euskara taldeak eta guztiek batera euskararen erabilera indartzeko gonbidea luzatu diete beasaindarrei.
Sortu berria den Beasaingo Aittu euskara taldeak bere lehen egitasmoa martxan jarriko du datozen Loinatz Jaietan, “herritarrak festa giroan ere euskaraz mintzatu, entzun eta gozatzera” animatzeko asmoz. Honela, hainbat herritar eta festetako protagonista elkartu dituzte Erauskin Plazan, “Nekin aittu euskeraz!” aldarrikatzeko.
Buruhandiak, dantzariak, txistulariak, kuadrillak, Kantu Jirakoak, Goierri Gorriko futbolariak, santu eramaleak, danbor jotzaileak, musikariak, Iñaki Azurmendi aizkolaria, Maddi Aiestaran bertsolaria, Txilibutxof, Loinatz txirrindu elkartea, antzerki taldeko haurrak eta txosna guneko kideak… guztiek bat egin dute jaietan ere euskaraz aritu eta gozatzeko deiarekin. “Badatoz Loinatzak eta festa giro alaitsuan murgildu eta euskaraz aritzera gonbidatu nahi ditugu beasaindarrak: familian eta kuadriletan, plazan eta tabernetan, dantzan eta kiroletan, barraketan eta buruhanditan, danborradetan eta mozorro festan. Euskaraz gozatu eta euskara bera gozagarri izan dadin guztiontzat Loinatz hauetan”, animatu dute.
Horretarako, festetan ‘Nekin aittu euskeraz’ leloarekin pegatinak banatuko dituzte herriko hainbat gunetan, horiek paparrean jarri eta jaietan ere euskara erabiltzera animatuz. Tabernetan eta Txosna Gunean eskuratu daitezke.
Euskaraldiaren ondoren
Hauxe izango da Beasainen sortu berria den Aittu Euskara Elkartearen lehen ekintza. 2018ko Euskaraldiaren ondoren, hamaika egun haietan herrian nolako ilusioa eta giroa piztu zen ikusita –ia 2.400 lagunek hartu zuten parte–, olatu horri urte osoan segida emateko dute talde hau. “Euskararen aldeko ilusio eta auzolan horri hauspotu nahi ditu Aittu taldeak, Euskaraldiaren hamaika egun horietatik harago. Alegia, elkarlanean hizkuntza ohiturak aldatzeko testuingurua sortzen jarraitzea, herrian euskararen erabilera areagotu dadin”.
Izan ere, azken hamarkadetan Beasainen euskararen ezagutza asko zabaldu bada ere, kaleko erabilerak ez du neurri berean gora egin. Egoera hori aldatzeko bere bidea jorratzen hasi da Aittu Euskara Elkartea eta Loinatzetan asmo eta helburu horiek plazaratzea erabaki dute taldekideek.
Aittuko ordezkarien esanetan, “aittu hitza gurea da, oso. ‘Aditu’ eta ‘aritu’ hitzak jasotzen ditu. Loinatzetan ere hala izan dadin nahiko genuke. Euskaraz hitz egiteko erraztasuna daukana aritu dadila euskaraz, gozatu dezala euskaraz. Ulertu bai, baina hitz egiteko erraztasunik ez daukanari, berriz, jai giroak lagunduko dio euskaraz egitera”. Nolanahi ere, “euskara ulertzeko gaitasuna duten belarriprest horien papera ere errekonozitu” nahi du Beasaingo euskara taldeak eta hauek ere ‘Nekin aittu euskeraz’ pegatinak jartzera animatu dituzte, “modu horretan parean dutenari euskeraz hitz egiteko gonbitea luzatzen arituko dira eta”.
Euskara taldera hurbiltzeko deia
Lehenengo urratsak egiten ari da Aittu euskara taldea eta taldean parte hartzera gonbidatu nahi dituzte herritarrak, “ateak zabal-zabalik baitaude parte hartu nahi duenarentzat”.
Maddi Aiestaran bertsolariaren bertsoarekin amaitu da Aitturen agerraldia.