Nesken eskutik hasiko da festa
Gaur arratsaldean hasiko dira Legorretako Azintzio festak eta igandera arte luzatuko dira. Ugaro nesken saskibaloi taldeak botako du suziria eta esango du pregoia
Gaur arratsaldean lehertuko da festa Legorretan. Maiatzaren bukaera iritsi da eta herriko festak ospatuko dituzte legorretarrek. Bost egun dituzte aurretik, igandera arte luzatuko baitira festak. Azintzio eguna bihar da, eta ohitura duten bezala, bezperan ekingo diete jaiei. Aldaketa handirik ez du aurtengo egitarauak, aurreko urteetatik, dena den, izango da eskaintza berriren bat edo beste.
Gazte Piku asanbladak antolatutako pilota txapelketa herrikoiaren finalekin hasiko dira Azintzioak, 17:00etan. Bikoteka arituko dira; Paio eta Bergan II.a, Jauregiren eta Madina II.aren aurka.
Baina Azintzio jaiei hasiera ofiziala emateko suziria, gaur 18:30ean jaurtiko dute eta Legorretako nesken saskibaloi taldeko jokalariak aukeratu dituzte horretarako eta pregoia esateko. Jarraian, herriko ikur den Gizon Pikua udaletxeko balkoian jarriko dute, igandera arte. Bitartean erraldoiak eta buruhandiak herriko plazan egongo dira, kalea girotzeko asmoz. Jaiak ofizialki hasita, bertso erronka egingo dute 19:30etik aurrera. Maialen Akizu (Urretxu), Maider Arregi (Oñati), Beñat Iguaran (Amasa), Lander Arizmendi (Ordizia) Mikel Artola (Alegi) eta German Urteaga (Beasain) ariko dira bertsotan. Aurkezlea Felix Artola amezketarra izango da eta Olaso tabernatik abiatuko dira.
Iluntzean, lagunarteko afaria egingo dute Bilkoin elkartean eta ondoren, Joselontxos txarangak kalejira egingo du Legorretako kaleetan
Festa parekideak
Azken urteotan lanketa berezia egiten ari dira Legorretan genero ikuspegiari dagokionez. Udalak, kontu handia du diruz laguntzen dituen ekintzak parekideak izan daitezen.
Zelai Amenabarro jarduneko alkateak adierazi duenez, «duela bi urte hasitako lanketa da». Herriko talde eragile guztiak parte hartzen ari dira. Aurten, hiru saio egin dituzte Emaginek gidatuta. Saio horietan herriko festak aztertu dituzte: festetako egitaraua, antolatutako ekintzetan nork parte hartzen duen, nor dagoen begira eta ekintza integratzaileak diren aztertu dute, besteak beste.
Egindako lanketaren lehen emaitzak aurtengo festetan isla izango du, antolatu diren hainbat ekintzetan, egitarauan erabilitako idazkera estiloan eta erabili diren argazkietan, besteak beste.
Trabak gaindituta, nesken saskibaloi taldea martxan da
Gaur arratsaldean hasiko dira Legorretako Azintzio festak, eta Ugaro nesken saskibaloi taldea izango da pregoia esateko eta suziria botatzeko ardura izango duena.
2006. urtean jaiotako bederatzi neskek sortu zuten saskibaloi taldea. DBHn eskola kirola egiteko aukerarik ez eta saskibaloian jokatzeko hautua egin zuten. Bidea ez zen guztiz erraza izan. Bailarako beste saskibaloi elkarte batzuetan jo zituzten ateak eta ezeko ugari jaso ondoren, jaioterrian bertan taldea osatzea pentsatu zuten. Traba burokratiko guztiak gainditu eta nork entrenatuko zituen lotuta, 2018ko urrian nesken saskibaloi taldea osatuta eta jokatzen hasteko prest zegoen. Hector Gutierrezen gidaritzapean hasi ziren lanean.
Gipuzkoako infantil txiki mailan aritu dira jokatzen eta lehenengo denboraldia izateko, ederki moldatu direla esan daiteke. Izan ere, jokatu dituzten bi faseetan klasifikazio taulan erdian geratu dira.
Hurrengo denboraldian ere jarraitzeko asmoa dute, eta saskibaloian jokatu nahi duten beste neska batzuei ere gonbidapena egin nahi diete. Denboraldian lortutako emaitzak onak izan direla ikusita, «oso pozik eta ilusionatuta» daude.
Egitaraua:
Gaur, festen hasiera
17:00. Pilota Txapelketa Herrikoiaren finala, udal pilotalekuan
18:30. Jaien hasierako suziri jaurtiketa.
18:45. Buruhandien eta erraldoien kalejira.
19:30. Bertso erronka.
21:30. Lagunarteko afaria. Ondoren kalejira.Azintzio eguna, bihar
11:00. Meza nagusia.
13:00. Erraldoiak, buruhandiak eta trikitia.
18:00. Azintzio eguneko euskal erromeria.
23:00. Helduen danborrada.
00:30. Tocan2 la Polla taldearen kontzertua.