Olaberriko palariek herritar denen babesa eskatu dute Herriarteko finalera iristeko
Finalaurrekoan, Errenteriarekin bana berdinduta dago, eta alde 13 tanto dituela. Itzuliko neurketak igandean dituzte, Olaberrian. Ataun eskuko final-laurdenetara sailkatu da, Aia kanporatuta
Gipuzkoako Herriarteko pilota txapelketan lehian diren bi taldeek zeresana badaukate. Palan, Olaberria beste behin azioa egitear da, eta finalean sartzeko atea asko zabaldu du. Errematatzea falta zaio. Ataunek, berriz, iazko txapelketa historikoa berdintzeko ahaleginean, lehen koska gainditu du; kostata, baina Aia gainditu du.
Olaberriak hezur gogorra dauka finalaurrekoan: iazko txapeldunorde Errenteria. Joanekoan, lehengo zapatuan, banako emaitza atera zuten, Errenterian. Paleta larruz, Errenteriako titular batek ezin, eta ordezkoa aritu izanari zukua atera zioten olaberritarrek: 16-35 irabazi zuten. Pala motzean, 40-34 galdu zuten, 34na egon ondoren.
Partidetan bana eta tantotan 13 alde direla, ezinezkorik ez da. «Emaitza ona da», aitortu dute olaberritarrek. «Bietako bat irabaziz gero, aukera asko dago finalera sartzeko». Lau titularrak ekarriko ditu Errenteriak.
Bigarren finalaurrekoa igandean 17:00etan da, Olaberrian. Herritarrak animatzera joateko eskatu dute, «finalerako bidea errazteko». Zortzigarrena luke.
Ataun, aurrera
Eskuan, Ataunek Aia kanporatu du, final zortzirenetan. Hiruna berdinduta, 8 tantoren aldeak ebatzi du Ataunen sailkapena (91 eta 83 denera).
Asko ilundu zitzaion larunbat arratsa Atauni, Auzoetan. Kadeteek (6-22) eta jubenilek (11-22) galdu zuten, eta joaneko 1-2koa janda, 10 tanto nahikoa zituen Aiak nagusietan. Baina Zubizarreta-Baztarrikak ez zuten hutsik egin: 22-2 irabazi zuten.