Ortiz de Luzuriaga mendi bizikleta martxa egingo dute igandean Hegialden
Aurtengoa 15. ekitaldia da. Garai bateko martxa da, giro ona sortzea helburu duena, izena egunean bertan ematen dute parte hartzaileek. Eguraldi ona egingo duenaren itxaropena dute
«Gezurra dirudi hainbeste denbora igaro izana lehenengo martxa antolatu genuenetik». Aitor Uribetxeberria Xabier Ortiz de Luzuriaga BTT lasterketaren antolaketa taldeko kidearen hitzak dira, eta Ortiz de Luzuriaga zenaren lagunarenak. Aurtengoa 15. ekitaldia da. «Guk eutsi diogu lasterketari eta parte hartzaileek ere bai. Guztion artean lekutxo bat egin diogu martxen egutegian», jarraitu du Uribetxeberriak. Martxa datorren igandean izango da, ekainak 2. Izen-ematea 08:00etatik 09:00etara egingo dute eta irteera 09:15 inguru izango da. Izena emateko 10 euro ordaindu behar dira eta irteera, ohi bezala, Hegialde auzotik egingo dute; hara iritsiko dira amaieran.
Ibilbideak 33 kilometroko luzera izango du eta 1.550 metroko desnibela. Aurtengo ekitaldiak Zegama-Aizkorri mendi maratoiarekin bat egingo du eta Oazurtza inguruak saihesten saiatu dira, «ikusle asko ibiliko da handik eta auto artean 200 bizikleta sartzea zoramena litzateke». Uribetxeberriak, hala ere, esan du urtero egiten duten ibilbidearen oinarria oso antzekoa dela, «Larrosainen Xabiren monolitoa dago eta handik Brinkolara jaitsi, Korostiko gailurra… Hegialdera iristen gara ahal den neurrian asfaltoa ukitu gabe».
Festa giroa
Oraingoan, aitzitik, Zegama-Aizkorri maratoia egun berean egingo denez, Mirandaolan jarriko dute lehenengo anoa postua eta handik San Migel ermitatik gora egingo dute. Ez dira, halaber, Aizkorri-Aratz Parke Naturaletik pasako.
Uribetxeberriak Xabier Ortiz de Luzuriagaren omenezko martxa «garai batekoen modukoa» izan dadin nahi dutela berretsi du: «Guk Xabi gogoratu nahi dugu eta festa giroa sortu nahi dugu. Egongo da lehia buruan eramango duenik, baina guretzat inportantea da sortzen den giroa».
Garai batekoa dionean, eurek antolatzen dutena nolakoa izan dadin nahi duten azaltzeaz gain, nolakoa ez duten nahi ere azaldu du: «Izen-ematea 7-8 hilabete aurretik egin behar den horietako lasterketa, izena ematean 35-50 euro ordaindu behar dena, lehiakorra… Ez dugu halako mendi martxarik nahi. Guk ezin dugu gure BTT probaren esentzia galdu».
Zortea dutela ere esan du Uribetxeberriak, «babesle asko ditugu. Auzokoak bereziki fidelak dira eta galdetu ere ez diegu egin behar lagunduko diguten ala ez, aurrera egiteko esaten digute beti. Horrek asko errazten digu lana eta jarraitzeko gogoa biziberritzen digu».
Larunbat arratsaldean ibilbidea markatuko dute. Beste lanak eginda daude jada. Iaz ez zuen eguraldi onik egin eta 180 bat lagun bildu zituen martxak. Egunean eguraldi iragarpena lau aldiz begiratzen duela aitortu du Uribetxeberriak, «hobe isil-isilik egon eta itxaron».