DHL enpresako langileek protesta egin dute Legazpiko Bellota lantegi kanpoan
Orain bost urte inguru Bellotak banaketa zerbitzua DHLrekin azpikontratatu zuen; DHLko Aguraineko plantako langileek salatu dute ezin dutela hitzarmenik sinatu
DHL logistika enpresako Aguraineko (Araba) lantegiko langileek protesta egin dute Legazpiko Bellota fabrika kanpoan, haien banaketa lana egiten dute orain bost urte inguru Bellotak zerbitzua azpikontratatu zietenetik. Hamasei hilabete dira lan hitzarmena berritzeko ahaleginetan dabiltzala eta, hamabi bilera egin ondoren, «enpresaren aldetik adostasunik lortzeko mugimendu eraginkorrik ez» dela egin salatu dute langileek.
Roberto Pardo Gasteizeko eskualdeko ELA sindikatuko buruak azaldu duenez, «hitzarmena 2017ko abenduan eten zen eta ordutik enpresa lan hitzarmena edukiz hustu nahian dabil. Negoziazio urruneko mahai batera eraman nahi du, hau da, merkantzia garraioaren sektorearen lan hitzarmena DHLko Aguraineko langileei egokitu nahi diete». Asmo horren emaitza, ELAko aholkulariaren hitzetan, «langileen eskubideen galera da». Izan ere, lau urterako hitzarmen orokorragoa sinatu beharko lukete eta, haren arabera, datozen urteetako soldaten igoera adosterik ez lukete izango.
DHLko Aguraineko langileek Bellotarentzat eta Eroskirentzat egiten dute lan, batik bat. Elorriora ere joango dira protesta egitera bertan baitago Eroskiko zentrala.