Bihar hasiko da mendiaren eta korrikalarien festa Zegaman, Kilometro Bertikalarekin. Igandean jokatuko dira Zegama-Aizkorri XVIII. mendi maratoia eta junior traila
Ate joka da Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren asteburua. Goi mailako korrikalari askok begiz jota duten proba da, eta bertakoentzat, kutuna. Aurten 18. aldiz jokatuko da, eta 2002 urrun hartan inor gutxik pentsatuko zukeen lekuraino iritsi da. Erreferentziazko lasterketa bat da trail running proben egutegian. Ondotxo dakite hori Zegaman. Lana bai, baina ordaina ere badakarkie, kontziente dira horretaz zegamarrak. Adinez nagusi izatera iritsi da.
Sari bat ere jaso du aurten, Corredor aldizkari espezializatuak emandakoa: 2018ko lasterketarik onena izendatu dute. Errekonozimendua Zegama-Aizkorriren antolatzaileei. Poza eta ardura neurri berean. Buruhaustea ere bai ziur asko, oihartzun horrek izen-emate kopurua igotzea baitakar urtez urte. Aurten 10.000 laguneko langa gainditu dute –10.550–, iaz baino 1.950 korrikalari gehiagok eman dute izena. Eta zozketan 225 soilik. Dortsalik preziatuena da. Kilometro Bertikalean parte hartzeko nahia azaldu dutenak ere 1.200dik gora. Otsailaren 22an egin zen zozketa. Zortedun horiek Zegaman izango dira asteburuan. Lehian, gozatzen.
Hautagai zerrenda luzea
Kilian Jornet kataluniarra izango da partaide eta zaleen ahotan egongo dena. Zegaman zortzi aldiz garaile izana –bostetan jarraian–, irabazteko ahaleginean ariko dela ezin da aho txikiarekin esan, nahiz eta garaipenari garrantzia kendu zalea izan. Ondoan izango ditu iazko podiumeko hirurak: Remi Bonnet suitzarra –iazko irabazlea–, Stian Angermund norbegiarra -iaz bigarren, eta 2017ko irabazlea marka jarriz– eta Bartlomiej Przedwojewski poloniarra. Eta tartean, Aritz Egea urretxuarra, Euskal Herriko gaur egungo mendi lasterkaririk onena.
Emakumezkoetan aipamen berezia merezi dute korrikalari euskaldunek. Maite Maiora mendaroarrak iazko arantza atera nahiko du –erretiroa hartu zuen, ezinean–, eta 2017ko balentria berretsi, irabazi egin baitzuen errekorra eginez. Oihana Azkorbebeitia abadiñoarra ere lehian ibiliko da, bere martxan, baina ohorezko postuetan. Eta lehiara itzuliko dena Oihana Kortazar elgetarra da, Zegama-Aizkorri bitan irabazia (2011n eta 2012an). Megan Kimmel estatubatuarra, Yngvild Kaspersen norbegiarra –2016an txapeldun–, eta Eli Gordon kataluniarra dira kontuan hartu beharreko beste izenak. Ida Nilsson, iazko irabazlea, aurten ez da irteera puntuan izango.
Kilometro Bertikalean, honakoak jotzen dituzte faborito adituek: Oriol Cardona, Joseba Diaz, Iñigo Lariz, Josep Morales eta Oscar Basantes mutiletan; eta nesketan, Claudia Sabata eta Alba Xandri, eta etxeko bi, Ainhoa Sanz urretxuarra eta Igone Campos zumarragarra.
Golden Trails World Series 2019 egutegiko lehena
Aurten ere Salomon Golden Trail World Series 2019 egutegiko sei probetatik lehena izango da Zegamakoa, eta horrek atzerriko korrikalari asko erakarriko ditu aurten ere.
Honako sei probek osatzen dute egutegia: Zegama-Aizkorri (ekainak 2, 42 km, +2.736 metro); Mont Blanc Maratoia (Frantzia, ekainak 30, 42 km., +2.780 metro); Dolomyths Run (Italia, uztailak 21, 22 km, +1.950); Sierre-Zinal (Suitza, abuztuak 11, 31 km., +2.200); Pikes Peak (AEB, abuztuak 25, 42 km., +2.382 metro); Ring of Steall (Eskozia, irailak 21, 29 km., +2.382 metro); eta Annapurna Trail Marathon, Nepalgo Final Handia (urriak 26, 42 km., +3.658 metro). Azken horretan sailkapen nagusian lehen hamar postuetan dauden atletek hartuko dute parte, nesketan zein mutiletan. Irabazleek 5.000na euro jasoko dituzte.